Eguzkik eskatu dio Donostiako Udalari ez ezartzeko denei zabor tasa bera, eta birziklatzeko ardura hartzen dutenak saritzeko. Euren ustez, egungo tarifa sistema «bidegabea» da. «Herritar arduratsuenak zergapetzen ditu, eta zabortegira zabor gehien botatzen dutenak saritzen ditu, modu batera edo bestera. Guztiok berdin ordaintzen dugu, zabor gutxiago sortu edo gehiago birziklatu arren. Ez luke hala izan behar».
Eskaera hori Donostiako hainbat etxetan egin duen azterketa baten emaitzak eskuan egin du. Azterketa horren bidez jakin nahi izan dute Donostiako etxeetan zenbat zabor sortzen den eta zabor hori nola tratatzen duten. Donostiako 19 etxebizitzatan eta Usurbilgo etxe batean egin dute, azarotik otsailera bitartean. Hain justu, atzo kaleratu zituzten lan horren emaitzak. Lehenik eta behin, nabarmendu nahi izan dute zabor organikoa bereizten duten etxeetan, atez atekoaren bidez, autokonpostatzearen bidez edo bosgarren edukiontziaren bidez, etxean sortzen duten zaborraren %90 birziklatzen dutela. «Zabortegira oso kopuru sinbolikoa bideratzen dute». Haatik, betiko hiru gaiak -papera, beira eta ontziak- baino birziklatzen ez dutenek, batez beste, %56 birziklatzen dute, eta urtero 143 kilo zabor bideratzen dute zabortegira, gutxienez.
Zaborraren %37,4, organikoa
Etxe batean sortzen den zaborraren %37,4 organikoa dela egiaztatu ahal izan du Eguzkik. Horregatik, ezinbestekotzat jo du, hiri hondakinen kudeaketa egokia egin ahal izateko, zabor organikoa bereiztuta biltzea, gero tratatu ahal izateko. Eguzkik gogorarazi du hiru aukera daudela bilketarako: atez atekoa, autokonpostatzea eta bosgarren edukiontzia.
Juan Mari Beldarrain Eguzkiko kidearen esanetan, hirurak dira teknikoki eraginkorrak. Hala ere, hiruen artean badela ezberdintasun esanguratsurik zehaztu zuen: «Atez atekoaren bidez zabor organikoa ehuneko ehunean tratatzen da. Haatik, autokonpostatzearen edo bosgarren edukiontziaren bidez %15 eta %20 artean soilik, herritarrek borondatez egiten baitute».
Birziklatzen ez dutenak zigortzeko eskatu du Eguzkik
Atez atekoarekin zabor organiko guztia tratatzen dela dio, eta bosgarren edukiontziarekin %20 baino ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu