Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak bertan behera utzi ditu kartzeletan senideen artean egin ohi diren bisean bisekoak. Neurri horrek eragina izango du Zaballan, Iruñean, Martutenen eta Basaurin, baina baita euskal presoak dauden Espainiako presondegi batzuetan ere; esaterako, Aranjuezen, Estremeran, Valdemoron, Soto del Realen, Zueran eta Logroñon.
Neurria hiru asterako jarri dute indarrean, eta aurrez aurrekoak bisita arruntekin —lokutoriokoak, kristala tarteko egiten dena eta 40 minutu irauten duena— ordezkatuko dituzte epe horretan. Gainera, bideo deiak ugaritzeko asmoa adierazi dute Espetxe Erakundeek, bisean bisekoen murrizketa arintzeko.
Egoera hori beste espetxe batzuetan ere gertatzen ari da lehendik ere, Etxerat elkarteak nabarmendu duenez; Jaen, Curtis, Daroca, Badajoz, El Dueso eta Puerto I espetxeetan ezin dute aurrez aurrekorik izan, eta Topasen berrogeialdiak ezarri izan dizkiete presoei.
«Euskal presoek eta haien senideok emozio karga handia jasaten ari gara, osasun krisiaren ondorioz segurtasunik eza, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna bizitzen ari garelako; izan ere, espetxeetan bakartzea areagotzen da», ohartarazi du Etxerat-ek.
Hori ikusirik, elkarteak eskatu du presoen urruntzea «lehenbailehen desaktibatzeko» eta «hirugarren gradura iristeko baldintzak dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak, arrisku taldean daudenak eta 65 urte baino gehiago dituztenak askatzeko». Era berean, erantsi dute PCR probak egin behar zaizkiela preso guztiei, «birusa espetxeetan sar ez dadin eta komunikatzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea duintasunez bermatzeko».
COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi ditu presoak, elkarte batzuek maiatzean salatu zutenez. Espainiako kartzeletako kudeaketa salatu dute Sare Herritarrak, Etxerat-ek eta Arabako Salhaketak. Joseba Azkarraga Sareko kideak adierazi zuenez, hasieratik ari dira salatzen euskal presoek kartzeletan duten «egoera zaurgarria». Gogoratu zuen, besteak beste, espetxeetan ez dagoela osasun sistema egokirik barruan egon daitezkeen kasuak artatzeko.