Lourdes Oñederra.

Bitartean

2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkena

Franco hil zen egunean ikaskide baten aitak eraman gintuen autoan unibertsitatera. Ez dakit ordurako berria iritsi zitzaigun. Eskolak bertan behera gelditu ziren nonbait, baina hori jakin genuenerako, lagunaren aita joana zen nonbait, gogoratzen bainaiz oinez gindoazela Joseba Goñi, gure Historiako irakaslea, eta hirurok hirigunerantz. Gogoan dut asko hitz egin zuela berak eta guk isil-isilik entzuten genuela, inprobisatutako historiazko eskola peripatetiko batean bagina bezala. Hala izan zen nolabait. Ez naiz xehetasunez oroitzen, baina bai, oro har, zetozkigun zailtasunez aritu zela, zenbat eragile zeuden korapilatuta, garai berria benetan hobea izan zedin zeuden zailtasunez, demokraziaren aldekoen batasun beharraz, eta abar. Esan bezala, ez naiz oso zehatz gogoratzen, baina bai bizkar-zorroa karga-karga eginda itzuli nintzela etxera, eta hori, neska gazte hark ez zekiela, frankismoarekin konparatuta zoragarri izango ziren bost hamarkada igarota, oraingo emakume zahartzen hasiak izututa ikusten duena: diktaduraren aldekoak indartzen ari direla eta gazte asko dagoela sistema hura ontzat ematen duena.

Hasiera

Nire bizitzaren hasiera frankismoan gertatu zen, frankismoaren erdi aldera. Alderdi iluna hor, beraz, eta argia, berriz, ikastolen sorrerarekin egokitu izanagatik. Hiru urte nituela eraman ninduten Donostiako Parte Zaharreko Andereño Ixiarren ikastolara, bere etxera, Andereño goxo eta polit harenera, oso ahots eztia zuen, nolabait lodia. Halaz ere, lehenengo egunean, amaren besoetatik harenetara pasatzean, negar egin nuen, gogotik, hain garratz! Nire lehenengo oroitzapenetako bat izango da ziurrenik hori, lehenengoa agian. Lehengusu batzuk ere han ziren, lurrean eserita, Andereñoren inguruan. Horren ondoren Andereño Maria Dolores Goyak Groseko auzoan ireki zuen ikastolan ibili nintzen. Badut oraindik han egindako lagunen bat. Ikastola horretan ikasi nuen egiaren eta gezurraren inguruko zerbait, oraindik erlatibotasuna, testuingurua edo konplexutasuna deitzeko hitzik ez banuen ere, inguru horretako zerbait dena. Egun batean esan baitzigun Andereñoak, gaztelaniaz hitz egiten zuen gizon bat etorri eta galdetuko baligu zer egiten genuen etxe hartan, bisitan geundela esateko; beste egun batean ikusten dut nire burua armairu batean izkutatuta ikaskide batekin, gizon hura edo bere lankideren bat izan zitekeelakoan Andereñoaren etxeko txirrina jo zuena... Inspektoreak zebiltzala ikastola batetik bestera jakinarazten zuten nonbait eta, abisua goiz iristen bazen, etxera deitzen zuten —andereñok edo beste amaren batek hark eskatuta— eta ez ginen ikastolara joaten. Pentsa, umeontzat pozgarria zen: jai, lorategira edo gaztelura edo Uliara goiz pasa! Zorionez gogoratzen dut gosaltzen ari ginela telefonoak jotzea.

Bitartean

Badut barren-barrenean gordeta oroitzapen bat zerbait betiko pitzatuta utzi zidana, mingarria. Gertatu zenean ez nuen erabat ulertu, baina zalantza izpirik gabe sentitu nuen txarra zela: beldurra eman zidan eta nola deitu ez nekien beste zerbait ere bai, babesgabetasunaren lehen zantzua ziurrenik. Izan ere, heldu bat, gure babesleetako bat, osaba bat (gerora asko mirestu izan dudan osaba), ikusi nuelako aparkalekuko autoen artean makurtuta izkutatzen. Euria derrepentean hasi balitz bezala mendi-txangoa zapuztuz, gu eta lehengusuak, umeak, korrika eta presaka sarrarazi gintuzten nonbait beste osabek, izebek, nire gurasoek autoetan. Hango leihatilatik ikusi nuen osaba, heldu bati ez zegokion bezala korrika ihesi, makurtzen... familia osoa (asko ginen) bazkaltzen geunden zelaira iritsi ziren poliziengandik ihesi. Jakin zuten nonbait, garai hartan izkutaturik zebilen osaba, hainbatetan preso hartu izan zutena, hara jango zela emaztea eta seme-alabak ikustera, gu guztiok —txikiok, nahigabe— antzezten genuen igande txango hura baliaturik. Tejeroren 1981eko kolpean osaba, borrokalari zintzo hura, Espainiako legebiltzarrean zegoen, baina hori beste kontu bat izan zen (edo?).

 

Lourdes Oñederra (Donostia, 1958) hizkuntzalaria da, Filologia Hispanikoan lizentziatua eta Euskal Filologian doktorea. EHUko katedraduna da, eta euskaltzain oso izendatu zuten 2007an. 1999an hasi zuen ibilbidea literaturan, 'Eta emakumeari sugeak esan zion' (Erein) liburuarekin, eta Euskadi literatura saria eta kritikarena jaso zituen. Prentsa idatzian ere jardun du, zutabegile. 'Azken batean' nobela argitaratu berri du. Bakearen Aldeko Koordinakundean aritu zen, eta gaur egun Gogoan elkarteko kidea da; baita Fernando Buesa fundazioko patronatukoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.