Enric Gonyalons, Ainhoa Fernandez de Rincon eta Rossella Urru kooperanteak bitartekariekin bildu dira dagoeneko, eta aurki etxerako bidean izango dira; Iñaki Markiegi Mundu Bat erakundeko presidenteak adierazi duenez.
Kooperanteak Burkina Fasoko basera iritsi direla esan du Markiegik. Bertan osasun azterketa bat egingo diete eta gero hartuko dute itzulerako hegazkina.
Aljerian, Tindufeko kanpaleku sahararretan, zirela bahitu zituzten hiru kooperanteak eta atzo jakinarazi zuten aske utzi dituztela. Bederatzi hilabetez egon dira bahituta.
Bahituen arteko bat, Enric Gonyalons, Mallorcakoa (Herrialde Katalanak) da sortzez, baina Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundearentzat lan egiten zuen Aljerian, eta Bilbon bizitakoa da. Eusko Jaurlaritzak zorionak eman dizkie haien familiei, baina zuhurtasuna eskatu du bahituak beren etxeetara iritsi arte.
Hiru kooperanteak 2011ko urriaren 22an bahitu zituzten, eta Mali iparraldera eraman zituzten. Yihad eta batasuna Mugimenduak aldarrikatu zuen haien bahiketa.