UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

Bitartekoetan dago talka

Miramar jauregian izan dira solasean Xabier Olano eta Denis Itxaso EH Bilduko eta PSE-EEko Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria moderatzaile izan dutelarik. Hondakinen kudeaketan izan dute desadostasun nagusia, baina adostasun eremuak ere topatu dituzte.

Xabier Olano eta Denis Itxaso, Martxelo Otamendi moderatzaile lanetan dutela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko apirilaren 29a
07:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Udal eta foru hauteskundeei begira, EH Bilduko eta PSE-EEko Gipuzkoako ahaldungai nagusi Xabier Olanok eta Denis Itxasok eztabaida publikoa egin dute, eta berriro ariko dira, gaztelaniaz, maiatzaren 5ean. Amaitzear den agintaldian polemika iturri izan diren hamaika gai jorratu dituzte, datorrenera begira jartzeaz gain. Antzerako nahiak adierazi dituzte biek —birziklatze tasak gora egitea, garraio publikoa sustatzea...—, baina ez dira bat etorri moduetan.

Hondakinak izan dituzte eztabaidagai. Herrialdean "kaka-nahastea" eragin izana egotzi dio Itxasok Olanori, eta aurpegiratu hondakinak Funesera eramatea ez dela iraunkorra. Olanok, ordea, gogorarazi dio birziklatze tasa hazi egin dela eta Europako Batasunak zoriondu egin duela Gipuzkoako Aldundia. Udaletako hondakinen bilketa sistemako "tik autoritarioak" salatu ditu Itxasok, eta Olanok erantzun: "Ez naiz itsutuko hondakinak biltzeko sistema batekin edo bestearekin".

Bide azpiegiturez ere jardun dute bi hautagaiek. Olano: "Izugarrizko bide azpiegiturak egin dira, eta orain ezin ditugu ordaindu". EH Bilduko hautagaiak Bidegi auzia ekarri du gogora, eta Itxasok ihardetsi dio PSE-EEk "interes handia" duela ikerketa "serioa" egin dadin; ikerketa batzordean, ordea, alderdikeriaz jokatzea egotzi dio Bilduri.

Zerga sistema eta aberastasun zerga izan da eztabaidaren beste zutoinetako bat. Herrialdeetako zergak berdintzearen alde egin du Itxasok, eta horretarako "erabaki gaitasuna" erabiltzera deitu du. Are, "nazio ikuspegitik" defendatu du ideia hori: "Ez naiz abertzalea, baina nazio ikuspegitik ere beharrezkoa da Araba, Bizkai eta Nafarroarekin fiskalitatean bat egitea". Aldundiaren zerga politika defendatu du, ordea, Olanok: "Gipuzkoa murrizketarik gabeko lurraldea izan da". Aberastasuna "ondo" banatzearen alde egin du, fortuna handien zerga gogora ekarriz.

"Ezker abertzaleak antolatutakoetara" ez

EH Bilduk eta PSE-EEk ohar bateratu baten bidez eman zuten eztabaiden berri. Gogorarazi zutenez, Olanok martxoaren 12an proposatu zuen Gipuzkoako hautagaien arteko eztabaida publikoa. Itxasok onartu zuen gonbita, eta biek Markel Olano EAJko hautagaiari eta Juan Carlos Cano PPkoari eztabaidan parte hartzeko deia egin zieten. Eztabaidan, ikus-entzuleek zuzenean galderak egiteko aukera izango dute.

Bi taldeek jakinarazi zutenez, EAJk jakinarazi die Markel Olanok ez duela parte hartuko eztabaidetan. Canok, ordea, baieztatu zuen gaztelaniazko eztabaidan parte hartuko duela. EAJren jarrera salatu zuten EH bilduk eta PSE-EEk: "Markel Olanok hartutako erabakia norabide okerrean doa. Gipuzkoarrek kezkak eta ekarpenak zuzenean eta bitartekaririk gabe hautagaiei galdetzeko izango duten aukera bakarra izango da".

Efe agentziak EAJko Gipuzko Buru Batzarreko iturriak aipatuz zabaldu zuenez, Markel Olanok "hedabideek edo erakundeek proposatutako hauteskunde eztabaida guztietan" parte hartuko du, baina ez "ezker abertzaleak antolatutakoetan". Hala, Olanok baieztatu du EiTBk antolatutako lau eztabaidatan parte hartuko duela. EAJk "errespetatu" egiten du PSE-EEk eta PPk EH Bilduren gonbidapena onartu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.