Koronabirusak areagotu duen «erasoaldi neoliberalari» elkartasunez erantzuteko asmoz, abian da Bizi Hotsa erresistentzia kutxa. Zenbait gizarte eragilek, sindikatuk eta euskal kooperatiben zenbait sarek jarri dute martxan plataforma, besteak beste. Bertako kidea da Izarne Castillo, eta adierazi du osasun krisi bat baino zerbait gehiago dela egungo egoera: «Ez da osasun krisia bakarrik; krisi horren kudeaketa da egungo nekropolitika areagotzen duena. Horrek gizarte ezberdintasunak handitu eta komunitateen zaurgarritasuna larritzen du».
Egoeraren ondorioei aurre egiteko, beraz, plataformaren helburua da 21 egunean 60.000 euro lortzea. Hori lehen fasea litzateke, eta azaldu dute bigarren fasea abiatuko dutela horren ostean. Castillok adierazi duenez, baliteke batzuentzat handia izatea ezarritako kopurua, baina nabarmendu du egun hori dela bizitzak balio duena. «Gaur egun bizia ez dago ziurtatuta, erakunde publikoak ez baitira beren lana egiten ari», erantsi du.
Diru bilketari dagokionez, Coop57 fundazioaren bidez egingo da: dohaintzak desgrabatzeko aukera egongo da, eta gardentasun fiskala ziurtatuko da, plataformaren arabera. Dirua, berriz, bi eratarako bilduko da. «Batetik, dohaintza handien eta hitzarmenen bidez egongo da jasotzeko aukera, eta dagoeneko herrialde honetako gizarte eragile handi batzuk hasi dira dohaintzak egiten; bestetik, finantzaketa kolektibo masibo bat egingo da, pertsona guztiak inplikatu ahal izateko», azaldu du Castillok. Dohaintzak egiteko epeari dagokionez, gaur hasi eta maiatzaren 21era arte egongo da horretarako aukera, webgunean. Dagoeneko ia 9.500 euro eskuratu dira. «Ilusioz beteta gaude, eta harrera ona izango duelakoan gaude, euskal gizartea solidarioa eta konprometitua izan baita beti».
Oinarrian, elkartasuna
Plataformako kideek jakinarazi dute Bizi Hotsa proiektu bizia dela, eta webgune bat prestatu dutela kolektiboek laguntza eta bitartekoak eskatzeko. Hain zuzen, proiektua hazteko gogoz daude, eta elkartasuna jarri dute horren oinarrian. Nabarmendu dutenez, lehen fase honetan hamabost proiektu kolektibotan jarri dute arreta, eta dirua talde horietara bideratuko da. Elikadura, etxebizitza, errepresioaren aurkako ahalduntzea eta oinarrizko osasuna eta higienea bermatzea da hasierako asmoa. «Geldirik eta beldurtuta nahi gaituzte, baina guk erresistentzia antolatuz erantzungo dugu», gehitu du Castillok.
[youtube]https://youtu.be/FM7wbSo8t90[/youtube]