Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Jarduera bizkor baino bizkorragoan aritu da Izaskun Bilbao (Bermeo, Bizkaia, 1961) hamabost urtez Europako Parlamentuan; batetik bestera, askotariko proiektuak defendatzen eta beste zenbait salatzen, «euskal herritarren alde beti». Hegazkinak eta trenak zientoka hartu ditu urte horietan, Babelgo dorrea utzi eta bere jaioterri Bermeora itzultzeko (Bizkaia). Kresala arnastu, bateriak kargatu, eta lehen lerrora berriro. Eta azkenean atsedena. Duela urtebete erreleboa eman zion EAJko eurodiputatu gisa Oihane Agirregoitiari.
Zertan ari zara azken urte honetan?
Aldaketa lasaia izan dut. Norberak erabakitzen duenean bere bizitzan aldaketa bat egitea, horrek lasaitasun bat eman du. Adin honetan orain arte izan ez dudan denbora nahi dut, behar dut. Oso gazterik hasi nintzen lanean, eta nire agenda 24 ordukoa izan da 365 egunetan. Kolaborazio batzuk egiten ditut, adibidez tertuliakide gisa, baina laster erretiroa hartzeko moduan izango naiz.
Baratze bat egin edo txipiroi ontzi bat hartuko duzu orduan?
Kar, kar, kar. Begira, txipiroi ontzian atera nintzen behin aitarekin, eta zorabio handia hartu nuen. Ordutik ez naiz berriro joan. Ez, etxean guraso adinekoak dauzkat, 93 eta 94 urtekoak. Haien ondoan egon behar dugu gero eta gehiago. Alde horretatik, ondo etorri zait erritmoa moteldu eta tartea hartzea niretzat eta etxekoentzat.
1987an Bermeoko zinegotzi izendatu zintuzten, eta 2024ra arte EAJko eusko legebiltzarkide, Eusko Legebiltzarreko lehendakari eta eurodiputatu izan zara. Zer esango zenioke zinegotzi hasiberri horri, harekin hitz egiteko aukera bazenu?
Sarri galdetzen diot neure buruari: «Zelan ausartu zinen?». Badut erantzun bat: alderdiko jendeak konfiantza osoa eman zidan, garai konplexu batean, eta oraindik ere ez dakit zergatik. Baina oso garrantzitsua da gazteei konfiantza ematea, trantsizioak egiteko. Bermeon ere bizi izan genuen EAJren barruan egon zen banaketa; pil-pilean zegoen auzia. Berrikuntza bat izan zen emakume gazte baten aldeko apustua egitea. Orain ez da, baina garai horretan bai. Konfiantza jaso, eta pentsatu nuen zerbait egin ahal nuela nire herriaren alde.
Lehen soldata kortserbako latak betetzen atera omen zenuen, zuzenbide ikasketak egiten zenituen bitartean. Aholkurik bai ikasle horrentzat?
Esango nioke lasaitasuna bilatzeko bere buruarekin eta arimarekin. Nik beti izan dut hori. Etxean ikasitako balioekin, nire esku zegoen onena eman dut, sekula inori kaltea desiratu gabe. Zein lasai bizitzen den arau hori betez... Ardura duzunean, batzuetan errazak ez diren erabakiak hartu behar dira, egia da, baina ez naiz joan bide errazenetik sekula. Pertsona bera izan naiz beti, politikan eta nire lagunekin eta herritarrekin. Etxean, txikitatik esaten ziguten ez ahazteko nondik gatozen, jakiteko nora goazen.
Emakume aitzindaria izan zara euskal politikan ardurei dagokienez. Alderdien barruan sexu jazarpenagatiko salaketak azaleratzen dira aldiro. Inguruan bizi izan duzu halakorik?
Bermeoko udalean zerrendaburu izan zen lehen emakumea izan nintzen, Jaurlaritzako zuzendari nagusi gazteena, eta Eusko Legebiltzarreko lehen emakume presidentea; baita emakumezko lehen euskal eurodiputatu abertzalea ere. Oso argi daukat emakumeek gizonek bezainbeste eskubide dugula ardurak edukitzeko. Nire lidergoa femeninoa izan da; konplexu barik esan dut beti. Bai, komentario sexistak entzun ditut, eta jarrera sexistak bizi ere bai. Batzuetan stop esan behar izan dut; eta beste batzuetan irribarre bat egin, eta baten bat barregarri geratzen utzi.

«Aliantza handi bat egin beharko litzateke eskuin muturra geratzeko. Boterera iritsi nahi dute, eta berdin zaie nola, berdin zaie zer marra gainditu, zer gezur esan»
Eta pertsona ezagunek izango zituzten akaso horrelako jarrerak...
Behin, legebiltzarkidea nintzela, oso ezaguna den gizon batek galdetu zidan sailburuaren emaztea ote nintzen, haren alboan nengoelako une horretan. Erantzun nion: «Ez, eta kontuz, berak baino gehiago agintzen dut eta». Ez zen egia, baina azkar isildu zen. Ez zen politikaria, noski; ez dut esango zertan zebilen, zeren oso-oso ezaguna baita Euskal Herrian, eta Euskal Herritik kanpo ere bai. Bizi izan ditudan bitxikeria sexistekin liburu bat idatz dezaket.
Europako Batasuna bidegurutze batean dago, inoiz baino gehiago. Nora doa proiektu hori? Eskuin muturrak amaiaraziko du, azkenerako?
Kezkatzeko moduko egoera bat da, ez dut gezurrik esango. Uste genuen brexit-aren ondotik Batasuna indartu egingo zela, Erresuma Batuan asko sufritu baitute. Orain, berriz, han ere goraka doa Nigel Farage. Horrek esan gura du zerbait txarto egiten dugula. Ez gara gai komunikatzeko zenbateko mesedea egiten dien herritarrei Batasunak. Adimen artifiziala erabilita, sare sozialen bidez eta abar nagusitzen ari da uste bat zeinak esaten baitu gure arazo guztien errudunak beste batzuk direla beti. Immigrazioari begiratzen diote arazo guztien erantzunak hor baleude bezala. Demokrazian sinesten duten alderdi guztien gutxieneko akordio bat egin beharko litzateke, hedabideak barne, eta aliantza handi bat egin, eskuin muturra geratzeko. Izan ere, boterera iritsi nahi dute, eta berdin zaie nola: berdin zaie zer marra gainditu, zer gezur esan. Espainian ere ikusten ari gara hori.
Hedabideek zenbateko garrantzia dute hori ikusita?
Inoiz baino eginkizun garrantzitsuagoa dute. Gaur egun proiektu ekonomikoak dira asko, besterik ez. Beren eginkizun nagusia galdu dute: informatzea. Albiste txarrak nagusitzen dira beti agenda gehienetan: hondamendiak eta abar. Baita Euskadin ere. Nahiko nituzke mundu osoarentzat Euskadik dituen baldintzak. Eta hala ere, ematen du hau kaos hutsa dela. Zergatik?
Euskal Herriko datu batzuek txarrera egin dute azken urteotan, adibidez osasunean eta hezkuntzan. Ez al da logikoa hedabideek horrela islatzea?
Arazoak dauzkagu, gizartea asko aldatu baita: zaharragoak gara. Datu zehatzek tentsioa handitu dute sisteman. Argi dago zaintzaren sistema sendotu behar dugula, baina bidean goaz. Azkenean, sistema bat daukagu pertsona guztiak babesteko, aukera berak emateko, baita kanpotik datozenei ere. Inkestek argi islatzen dute gehienok uste dugula gure bizitza ona dela, oro har. Arazoak daudela? Bai, noski, baina badugu egonkortasun bat, baita politikoa ere, eta zaindu egin behar dugu hori. Gure sendotasunei balioa ematea gizarte osoaren aldekoa da, ez alderdi baten edo bestearen aldekoa.
«Tentsioa handitu egin da sisteman: medikuak falta dira, baina ez bakarrik hemen. Aspalditik dator arazoa, Rajoyren gastu mugen garaietatik. Jaurlaritzak erreakzio bat izan du, eta ondo ari da»
Pradalesek sarritan dio Jaurlaritza entzuteko prest dagoela, zerbitzu publikoak hobetzeko. Urkulluk egiten ez zuen onarpen moduko bat dago hor. EAJren hausnarketa baten ondorioa da, gainera, politika hori.
Pandemia latz bat izan genuen. Ez zen erraza izan hura kudeatzea. Tentsioa handitu egin da sisteman. Medikuak falta dira, baina ez bakarrik hemen. Aspalditik dator arazoa, Mariano Rajoyk ezarritako gastu mugen garaietatik. Orain, Jaurlaritzak erreakzio bat izan du, eta ondo ari da. Osakidetzara joan behar izan dut azkenaldi honetan, nahi baino gehiagotan, eta egi-egia esango dut: ez dut hitzik eskertzeko nolako tratua jaso dudan. Arazoak egongo dira, baina neurriz adierazi ditzagun: gure zerbitzuak, profesionalak, altxorra dira. Oposizioak ere ez du soluzio magikorik ematen, bestalde. Jaurlaritza buru-belarri dabil sistema hobetzeko saioan, baina sistemari berari balioa ez ematea bada arazo bat ere.
Baina ulertzen duzu pazienteen ezinegona itxarote zerrendak direla eta, adibidez?
Bai, noski. Gaixoak lehenbailehen artatu behar dira, baina ardura guztia erakundeen bizkar jartzen da gehiegitan. Nik neuk ikusi dut ordua hartu eta jendea ez dela azaltzen askotan. Denok jakin behar dugu sistema hobetzeko gure ekarpena egin dezakegula.
Egoki ikusten duzu pazienteei faktura ematea, nahiz eta ez duten ordaindu beharrik izango?
Bai, horren aldekoa naiz. Beharbada ezadostasunak eragingo ditut, baina esango dut: zerbitzuak oso garestiak dira, eta jendeari ardura eskatu behar zaio. Fakturak adieraziko luke jasotako zerbitzuaren prezioa zein izan den. Baina hori alde batera utzita: txanda hartzen duen jendea azaltzen ez bada isunak ipintzeko prest nengoke, betiere arrazoizko motiborik egon ez bada tartean.
Duela hamabost urte joan zinen Bruselara. Euskal politika izugarri aldatu da tarte horretan...
Uharte bat gara egoera politiko ilun batean, eta ahalegin guztiak egin behar ditugu Euskadin dugun egonkortasunari eusteko, eta horren alde egin behar dute alderdi guztiek. Norberak ardura duenean, berdin dio familia batean, enpresa batean edo gobernu batean izan, arduraz erabaki behar ditu gauzak. Oposizioarentzat dena da posible beti, dena da doan... eta jakin badakite hori ez dela posible. Oro har, ondo ari garela esango nuke; gobernuak adostasun zabala lortu du osasunaren alorrean.

«Berdin da zein herri, berdin da zein gobernu: oposizioak ezin du defendatu zerbait egitea baldin badaki ezin dela egin. Posibilista eta pragmatikoa naizela? Berdin zait, errealitatea den modukoa da»
Ez hain zabala. Oposizioa eta sindikatuak ez daude ados.
Ezadostasun hori gehiago da itxurak egitea, landutako jarrera bat baino. Bilera asko egin dira azken hilabeteetan, eta 24 agiritik gehienak aho batez onartu dira Osasun Mahaian. Eta azken orduan ezadostasuna azaldu da. Zergatik? Itxurak egitea da hori.
Alde ideologikorik ez duzu ikusten, esaterako, publiko-pribatuaren dikotomian?
Sindikatuetako ordezkariak ados ziren mahaietan, eta gero ezadostasuna azaldu dute. Ez dira hainbestekoak benetako ezadostasunak. Oposizioaren logikak esaten du ados egonez gero kritikarako tartea txikitzen dela. Baina zer da garrantzitsuagoa: norberaren posizio politikoa edo Osakidetza hobetzea?
Eskatzen duzun oposizio eraikitzaile hori egiten dio EAJren oposizioak EH Bilduko alkatetzari Bermeoko Udalean?
Berdin da zein herri, berdin da zein gobernu: oposizioak ezin du defendatu zerbait egitea baldin badaki ezin dela egin. Posibilista eta pragmatikoa naizela? Berdin zait, errealitatea den modukoa da. Bermeon EAJk irabazi zituen hauteskundeak alde handiz, eta EH Bilduk eskuratu zuen alkatetza, herri plataforma batekin ituna eginda. EAJ koherentea da bere programarekin, oposizio lanean.
EAJren barruan ere erreleboa egon da. Ezustea hartu zenuen Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban lehian ikusita buruzagitza eskuratzeko?
Andonik [Ortuzar] iragarri zuenean berriro aurkeztuko zuela bere burua, nik pentsatu nuen barne akordio bat egongo zela. Guk beti defendatzen dugu afiliatuen iritzia, eta gertatu zen gertatu zena. Azkenean afiliatuek erabaki zuten, eta hori ez da alderdi askotan ikusten. Andoniren eskuzabaltasunak ere ekarri gaitu orain dugun batasunera, eta presidente sendo bat dugu: Aitor Esteban.
Baina Ortuzarrek ez zuen gustura amore eman, orduko haren adierazpenak aintzat hartzen badira.
Zeure burua aurkezten baduzu, eta gero ikusten baduzu afiliatuek beste aukera batzuk ere proposatzen dituztela, ulertzekoa da gustukoa ez dela izango. Azkenean, barne demokrazia indartu egin da gure alderdian. Ez dut ikusten parekotasunik Euskadiko beste alderdietan.
Izaskun Bilbao
Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak bukatu, eta bere jaioterri Bermeoko zinegotzi gisa hasi zuen ibilbide politikoa Izaskun Bilbao Barandikak (1961); EAJren barruan banaketaren auzia pil-pilean zen artean. Enpresen kudeaketako masterra ere egin zuen (EHU), politikan hasia zela. Emakume gazte hark arduretan gora egin zuen alderdian, mailaz maila. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean eta Herrizaingo Sailean aritu zen, eta legebiltzarkide bihurtu zen gero (1998). Eusko Legebiltzarreko lehendakari izendatu zuten Juan Jose Ibarretxe lehendakari zela (2005); kargu horretako lehen emakumea izan zen. Eta gero Bruselara aldatu zen. Hamabost urte egin ditu EAJko eurodiputatu gisa, hiru legealdi. Azken urtean, Bermeon bizi da, gurasoengan arreta jarrita.