450 euro. Horixe izango da, hemendik aurrera, Bizigune programaren bidez etxea alokatzera doan norbaitek hilean jasoko duen gehienekoa. Orain arte muga 600 euroan zegoen, beraz aintzakotzat hartzeko modukoa da aldaketa. Eusko Jaurlaritzak aldaketa defendatu du, argudiatuz egungo «merkatuaren errealitatera» egokitu nahi izan dituela errentak. 2011tik , esaterako, %10eko beherakada izan dela esplikatu du. «Eta programaren sorrera garaian ziren kondizio ekonomikoek ezer gutxi dute ikusteko gaur egungoekin», ohartarazi du. Horregatik aldaketa.Biziguneren bidez, batez beste, merkatu librean jasoko luketenaren %65 jasotzen dute etxejabeek. Baina baditu zenbait onura; maizterrek hilen bateko kuotaren bat pagatu gabe lagatzen badute, edo etxean txikizioren egiten badute, etxejabeak babestuta daude: galeren kargu Eusko Jaurlaritza egiten da. Alokairurako paperak egiteko ardura ere administrazioak bere gain hartzen du. Ez da, atzo, etxebizitza alorrean izandako albiste bakarra: Etxebizitza Plana onartu zuen Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, 2016ra bitarteko egitasmoen bilduma. Xedeetako bat alokairua sustatzea dela azaldu dute; aurrekontuaren —460 milioi euro— laurdena, hain justu, horretara zuzenduko dute.
Etxebizitza hutsak erabiltzea da Eusko Jaurlaritzaren jomugetako bat, eta Bizigune programa —2003an abiatua— horren adibide argia da. Ikusteko dago Jaurlaritzak atzo dekretu bidez Bizigunerako ebatzitako errenten murrizketak eraginik izango duen, baina egiten dituzten aurreikuspenak onak dira: 5.000 etxebizitzatik gora daude egun sarean sartuta, eta datozen urteetarako egin duten iragarpenaren arabera, kopuruak iraunkor segituko du, pitin bat gora egin ostean. Biziguneren bidez nola, Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa deitutako ASAP programaren bidez ere,Eusko Jaurlaritzaren nahia da jendea alokairura bideratzea.
Krisi ekonomikoak ekarri dituen neurri —eta errealitate— berrien arabera eraikitako plana da honakoa, Jaurlaritzako arduradunek aditzera eman dutenez. Saldu gabe dauden etxebizitzen eskaintza «soberakinduna» delaonartu dute, eta horregatik, alokairua sustatzeko helburua onartu zion, atzo, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtok plangintza berriari. Orain arte alokairua bigarren mailako aukeratzat hartu bada ere, gutxi sustatu bada ere, «pitinka-pitinka» aurrera egin nahi dutela esan zuen.
Testuinguru horretan, gazteen beharrak gogoan izan dituzte: errentan jartzeko aukerak ugaritu nahi dizkiete, eta «babes finantzieroa» ere bai, premiazkoa den kasuetan. Aburtok planaren muina aldarrikatu zuen, haren defentsan: «Planaren erdigunean pertsonak daude». Ildo horretan, «egoera ekonomikoaren ondoriozko gizarte larrialdei» begira aparteko arreta agindu zuen.
Etxe berri gehiago
Etxe berriak eraikitzen jarraituko du, hala ere, Eusko Jaurlaritzak. Atzo onartutako plangintzaren asmoa da babes ofizialeko 8.000 etxebizitza berri egitea datozen urteotan; 3.950 alokairura zuzenduko dituzte, eta horietatik 900 erosteko aukera izango dute maizterrek. Eraikiko diren gainerako etxeak salmentarako izango dira. Jaurlaritzak zuzenean eraikiko ditu 1.150 etxe, Visesa erakunde publikoak 2.450, udalek 1.000 eta gainerakoak hainbat enpresa pribatuk eraikiko dituzte.
Hutsik dauden etxe zaharrak errehabilitatu eta errentan jartzea izango da planaren beste helburuetako bat: 650 atera nahi dituzte, heldu den urteetan, merkatura. Gauza bera egin nahi dute babes ofizialeko 650 etxerekin: erosi egin nahi dituzte merkatura ateratzeko. Ekimen berriak dira. Ikusi egin beharko da emaitza.
Bizigune sareko etxejabeek 450 euro jasoko dute gehienez hilean
Jaurlaritzak alokairua sustatzeko duen programan aldaketak egin ditu, errentak «merkatuaren errealitatera» egokitzekoEtxebizitza Plan berria onartu du, 2016ra artekoa; alokairua lehenestea, xedeen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu