Bizikidetza bultzatzeko oinarriak adostu dituzte EAEko hezkuntza osoan

Hezkuntzan eta bakegintzan ari diren hogei eragilek giza eskubideak errespetatzeko eta bizikidetza indartzeko agiri bat sinatu duteIkasleei «orainaren eta iraganaren egiazko ezagutza» eman behar zaiela adierazi dute

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, atzo, bizikidetzaren aldeko adierazpena sinatzen, agiria babestu duten eragileetako ordezkarien begiradapean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herrian zabaldutako aro berrian pauso bat emateko nahia agertu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntzan eta bakegintzan ari diren hainbat eragilek. Giza eskubideak errespetatzearen eta bizikidetza indartzearen aldeko jarrera berretsi dute, Eusko Jaurlaritzak sustatutako adierazpen batean. Ikasleei balio horiek txertatzearen alde egin dute, «bizikidetza oso, integratzaile eta iraunkor baten aro berri bat berma dezaten, bakean eta askatasunean». Horretarako, estudianteei «orainaren eta iraganaren egiazko ezagutza sakon eta integrala» ematea beharrezkotzat jo dute. Giza eskubideak urratzearen biktima izan direnei babesa agertzeko ekimenak egiteko asmoa adierazi dute jendaurrean.

Protokoloz betetako ekitaldia izan zen Bizikidetzarako hezkuntzaren aldeko konpromisoa agiria sinatzekoa. Bilbon, Carlton hoteleko ekitaldi aretoan, egin zuten, atzo eguerdian. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaa zutelarik buru, hogei eragilek eman zioten baietza agiriari—Fernando Buesa fundazioak ez zuen orduan sinatu, ordezkaria ondoezik zelako; gero izenpetu zuen—. Aretoa kazetariz betexea zela, kameren etengabeko flash artean irakurri eta sinatu zuten adierazpena ordezkariek. Hogeitik bost soilik ziren emakumeak.

Orokorra, zehaztasunik batere gabea, da adostutako agiria. Egoera politiko berria du abiapuntu, eta horren ildoan aipatzen ditu aurrera begirako urratsak. Egungo unea «erabakigarria» dela diote sinatzaileek, eta gizartea «alai eta itxaropentsu» dagoela. Testuinguru horretan hezkuntzak zeregina baduela irizten diote: «Areagotu egin behar du bere hezteko betebeharra gure ikasleen formazioa hobetzen jarraituz, etorkizuneko protagonista eta eragile gisa era daitezen». Ikasleei Euskal Herriko egoera azaltzearen alde egin dute, aurrera begira jarri ahal izateko. «Oroimenik gabe ez baitago etorkizunik, ez askatasunik, ezta justiziarik ere».

Babes zabalagoa

Bizikidetzaren alorrean Jaurlaritzak sustatutako beste ekimen batzuen aldean, babes zabalagoa izan du agiriak. Hala esan dute: «Kontziente gara hezkuntzari akordioak eta adostasunak ematen dioten balioaz, betiere zaindu eta gorde egin behar duguna». Iaz beste kontu batzuk baitziren bizikidetzaren gaian: Bakerako Hezkuntza Plana aurkeztuta, Jaurlaritzak aurkako erantzun handia jaso zuen. Kutsu politiko nabarmen txikiagoa du oraingoak, eta babes handiagoa. Ikuspegi zabala eman nahi izan diote agiriari: erakunde bakoitzak autonomia duela eta irakats aldiek helburu desberdinak dituztela adierazi dute.

Gutxien-gutxieneko bost puntu onartu dituzte hogei eragileek, giza eskubideak errespetatu eta bizikidetza bultzatu beharra nabarmenduta. Giza eskubideetan eta duintasunean oinarritutako hezkuntzaren aldeko hautua berretsi dute, «edozein xede edo egokieraren gainetik». Eta eskubideen urraketa jasan dutenei babesa agertu diete: biktimei elkartasuna azaltzeko jarduerak sustatuko dituztela agindu dute, eta eskubideak urratzea justifikatzearen aurrean «jarrera kritikoa» indartuko dutela. Biktimen gaian bada aldea: Bakerako Hezkuntza Plana ETAren indarkeriaz eta biktimez ari zen batik bat. Oraingoak, berriz, agiri osoan ezaugarri den orokortasuna du atal horretan ere.

Bizikidetzaren alorrean akuilu behar du izan hezkuntzak, sinatzaileen irudiko: haren egiteko jo dute «benetako bizikidetza demokratikoa sostengatuko duten balioak eta jarrerak indartzea». Gatazkak elkarrizketaren bidez konpondu behar direla nabarmendu dute. Ekimenak iragarri dituzte alor horretan ere, «hezkuntza komunitatean eta gizartean kultura demokratikoa finkatuko duten jarduerak». Ekimen «adostuak» behar dutela izan adierazi dute.

Adierazpena sinatuta eta argazkia aterata, ikusteko dago zein jarduera adostuko dituzten zehazki. Zelaak adierazi du sinatzaile guztiak direla «protagonista» eta «egoerak eskatzen duen neurria» eman dutela. Aurrera begira, hiru zutabe aipatu ditu: pluraltasuna, aniztasuna eta sinatzaileen autonomia errespetatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.