Idazlea eta historialaria

Edurne Portela: «Marie Jeanne Etxeberriaren alde ilunak erresistentzian bizirik irautearen konplexutasunaren seinale dira»

Etxeberria izan zen Ravensbrueck kontzentrazio esparruan egondako euskal herritarretako bat. Nazien aurkako erresistentziako kidea zen, eta Maria Josefa Sansberrorekin batera atxilotu zuten. Batak nola besteak nazien eskuetan jasandakoaz aritu da idazlea.

Edurne Portela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edurne Portela. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko abuztuaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

1939 eta 1945 bitartean, 132.000 emakume inguru eduki zituzten Alemaniako Ravensbrueck kontzentrazio esparruan. Berlin iparraldean zegoen esparrua, eta emakumeak ziren hango preso gehienak. Ikertzaileek hainbat euskal herritar identifikatu dituzte haien artean, nazien aurkako erresistentziako kideak gehienak. Testigantzen arabera, higiene baldintza negargarrietan bizi ziren, eta hamasei ordurainoko lanaldiak egitera derrigortzen zituzten, SSko zaindarien etengabeko indarkeria pairatu bitartean.

Marie Jeanne Etxeberria (Sara, Lapurdi, 1921-2007) izan zen emakume horietako bat. 21 urte zituela sartu zen erresistentzian. 1944an, naziek harrapatu eta Ravensbruecken sartu zuten. Edurne Portela idazleak (Santurtzi, Bizkaia, 1974) Etxeberriaren atxiloaldia kontatu zuen Deportazioa nazismoaren esparruetara Europan (1940-1945) izeneko EHUren ikastaroan.

Zerk bultzatu zuen Etxeberria erresistentziara batzera? Lehengusinak, Maddik [Maria Josefa Sansberro], eragin ote zion?

Hori bertatik bertara jaso ez dugun istorio baten parte da. Maddik [Oiartzun, Gipuzkoa, 1895 - Sachsenhausen, Alemania, 1944] hotel bat zuen Larhun mendiaren magalean. Alemaniak Frantzia okupatu zuenean, naziek hotela okupatu zioten, baina Maddik, naziak zerbitzatzeaz gain, erresistentziarentzat lan egiten jarraitu zuen. Ulertu daiteke halako batean, jendea falta zutela eta, Marie Jeanne gonbidatu zuela erresistentziara. Ondoren, Marie Jeanne ofizialki batu zen, aita Bordes erresistentziako partaide ezagunaren laguntzarekin. 

Marie Jeannek zer funtzio zuen erresistentziaren barruan, eta non aritzen zen?

Informazioa pasatzen zuen; dokumentuak pasatu eta ezkutatzen zituen, eta zelatan ere ibiltzen zen. Larhun inguruan [Lapurdi] aritzen zen, Maddirekin batera, baina dokumentuak Baionatik Bordelera [Okzitania] eraman behar izaten zituen. Maddi hasi zen lan hori egiten, baina, ezin zuenez dena berak egin, Marie Jeannek hartu zion lekukoa.

1942an, naziek jakin zuten erresistentziako kideak zertan ari ziren, eta Larhun inguruko erresistentzia sarearen parte bat erori zen. 

Sarearen lehen erorketak 1942an izan ziren, baina haiek beranduago sartu ziren Shelburn sarera [aliatuek eta Frantziako erresistentziak pilotuak Ingalaterrara eramateko sorturiko sare klandestinoa], 1942ko udan. 1944ko ekainean harrapatu zituzten. Shelburnekoa izan zen haien azken sarea. Gehien dokumentatutakoa da; izan ere, CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren dokumentuetan agertzen dira biak. Maddik sare askotarako egin zuen lan, baina ez dakigu zehazki zeintzuetarako. 

Atxilotuak izan ondoren, zer gertatu zitzaien?

Hendaiara [Lapurdi] eraman zituzten eta, hiruzpalau egunez galdeketa egin zieten, torturatzen zituzten bitartean. Hendaiatik Fort du Ha-ra eraman zituzten, Bordelera. Bordeletik Frantziaren eta Alemaniaren arteko mugara eraman zituzten, tren fantasman [hiru eguneko bidaia izan behar zuena 58 egunekoa izan zen azkenean. Zazpiehun bat preso zihoazen barruan]. Naziak ziztu bizian zihoazen mugarantz, erresistentziako ehunka presoak kontzentrazio esparruetara eraman nahi baitzituzten aliatuek eta erresistentziak tren hura geldiarazi baino lehen. Bidaia gogorra izan zen. 

Naziek lortu zuten Dachauko kontzentrazio esparrura iristea. Hara eraman zituzten lehenik, fitxa bat irekitzeko, eta hortik, Ravensbrueckera. Bertan, banandu egin zituzten familiak. Maddi Pertrix fabrikara bidali zuten lan egitera, Sachsenhausen kontzentrazio esparrura [Chemische Fabrik AG enpresaren menpe zegoen, eta hegazkinetarako bateriak egiten zituzten]. Han hil zen, 1944ko azaroaren 13an, 49 urte zituela. Marie Jeanne ere Sachsenhausenera eraman zuten, beranduago Pertrixera lanera. Gero, Ravensbrueck ingurura itzuli zen, eta ondoren askapena iritsi zen. 

Zer gertatu zitzaion Marie Jeanneri gerra amaitzean?

Europa osoa mugimenduan zegoen emakume horiek Ravensbruecketik irten zirenean. Estatu Batuetako armadarekin topo egiten zuten, baina Armada Gorriarekin topo egitea izaten zen okerrena; izan ere, badaude testigantzak erakusten dutenak sobietarrek bortxaketa masiboak egin zizkietela esparruetatik atera berri ziren emakume horiei. Konboien bitartez Parisera garaiz iristea lortzen zuten emakumeak etxera bidaltzen zituzten. Erresistentzian lan egin zutenentzat errazagoa zen, kontaktuak baitzituzten. Jakin badakigu Marie Jeanneren aberriratzea azkarra izan zela. 1945eko maiatzaren 18an agertzen da haren izena aliatuen kontzentrazio esparruetako biktimen dokumentuetan. Zuzenean Parisera bidali zuten, eta handik Miarritzera.

Hitzaldian Felicie Virto aipatu duzu. Nor zen? 

Marie Jeanneren laguna zen, kontzentrazio esparruko ahizpa esaten dena. Bizirik irauten lagundu zion, nolabait, eta gerora oso laguntasun estua izan zuten. Tragedia betean sendotutako laguntasun horietako bat zen, bizirik irauteko oinarrizkoa askotan. 

Halakoetan maiz familia izan ohi da informazio iturri. Etxeberriaren biloba Angelie izan duzu informazio iturri zuk, ezta?

Hein handi batean bai; Angeliek dokumentu batzuk dauzka gordeta, eta gero neure kabuz ere ikertu dut. Oso eskuzabala izan da nirekin amonaren oroitzapenen berri emateko orduan. Interes handia dut jakintza hori nola transmititzen den jakiteko, baita transmititzen ez den horren berri izateko ere. Informazio hori, maiz, keinu afektiboen bidez jasotzen da, eta amonaren minarekin du zerikusia. Bizitasunez beteriko emakume alai gisa gogoratzen du amona, baina gogoan ditu haren alde ilunak ere, erresistentzian bizirik irautearen konplexutasunaren seinale. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.