Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
«Bizi indarra galtzen ari da Bizkaian eta Nafarroan». Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren ondorioetako bat da. Bizkaiko datuek, hain justu, euskararen ahultasun zantzu nabarmenak erakusten dituzte. Besteak beste, proiekzioaren arabera arnasgunerik gabe geratuko baita Bizkaia 2036. urtean. Arnasgune beterik jada ez dago lurraldean, baina arnasgune erasan deituen multzoan geratzen dira oraindik udalerri batzuk. Amoroto, Elantxobe, Gizaburuaga, Markina, Etxebarria, Ziortza-Bolibar, Kortezubi eta beste hainbat hor zerrendatuta daude oraindik azken azterketetan. Baina proiekzioaren arabera, 2036rako ez da Bizkaiko udalerri bakar bat ere geratuko multzo horretan. Hiztunen %84,5 biziko dira gaztelaniaren nagusitasun handiko eremuetan.
Aldagai gehiagok ere erakusten dute euskara ahul Bizkaian. Ikertzaileek propio nabarmendu dute Nafarroan ezagutza bera atzera egiten hasiko dela, eta hortxe eutsiko dio oraindik Bizkaian. Herrialde horretan, euskaldunak biztanleen %37,5 dira gaur egun; 1991tik datorren gorako bilakaera iraunkor baten emaitza da datu hori, eta gorako joera ez da guztiz etengo: aurreikuspenaren arabera, 2026an %43,7 izango dira euskaldunak.
Hala ere, igoeraren moteltzea agerikoa da. Eta euskaldunen «zahartzea» ere bai. Gainerako herrialdeetan bezalaxe. Egun 2 eta 14 urte artekoen %81 dira euskaldunak Bizkaian, baina datozen urteotan ehuneko hori apalduz joango da, azterlaneko ondorioen arabera, eta 2036an %77,9 izango dira. 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean ere, behera egingo du ehunekoak: %79tik %72,3ra.
Lehen hizkuntza
Lehen hizkuntza euskara dutenen ehunekoan ere agerikoa da beheranzko joera. %12 dira gaur egun, eta %10,9 izango dira 2036an. Euskara eta gaztelania lehen hizkuntza dituztenen ehunekoa igo egingo da, baina oso gutxi: %6,1 dira orain, eta %6,8 izango dira gero. Adin taldeetara begira, 2 eta 14 urte artekoetan jaitsi egingo da, euskarak gazteenen gero eta toki txikiagoa izango duen seinale. Egun edade tarte horretan daude lehen hizkuntza euskara dutenen %14,3, baina ehuneko hori apalduz joango da, eta 2036. urtean %9,8 izango dira.
Euskaraz eta gaztelaniaz bestelako hizkuntzetan igoera agerikoa egongo da Bizkaian ere: lehen hizkuntzatzat beste hizkuntza bat dutenak %4,8 dira, eta %8 izango dira 2036an. Migratzaileen etorreraren ondorio da hori, eta agerikoa izango da Hego Euskal Herri osoan; horren eraginari arretaz erreparatu beharko zaio etorkizunean egingo diren azterketetan.
Euskararen etxeko erabileran ere, behera. Etxeko erabilera %8,4 da gaur egun, eta datu hori nahiko iraunkorra izan da igaro hogei urteotan, baina koska bat behera egingo du: aurreikuspenaren arabera, %7 izango da 2026an, eta %7,3 2036an.
Ikusi gehiago