Gizartea

Bizkaiak 0 eta 6 urteko umeentzako arreta goiztiarra eskainiko duen itunpeko zentroen sarea sortu du

Tratamenduren bat jasotzen duten 1.600 ume bizkaitarren familiek aurrerantzean ez dute ordaindu beharko; orain arte diru laguntza jasotzen zuten. 49 zentro batu dira sarera. 

Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintza diputatua eta Unai Rementeria ahaldun nagusia. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2017ko urriaren 31
16:08
Entzun

Umeei arreta goiztiarra eskainiko dien itunpeko zentroen sarea gaur sortu da, eta bihar sartuko da indarrean. 0 eta 6 urte arteko umeen artean garapen arazoak dituzten bizkaitarrei emango die zerbitzua. Orain arte familiek zentroetara eroaten zituzten umeak, tratamentua ordaintzen zuten, eta ondoren diru laguntza bat jasotzen zuten. Bihartik aurrera sareko 49 zentroen artean gura dutena aukeratu dezakete, eta familiak ez du ezer oraindu beharko. Arreta jaso ahal izateko gizarte zerbitzuek baloratuko dute kasua: Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailak, umearen herriko udaleko gizarte zerbitzuek, bere ikastetxeak eta Osakidetzak hartuko dute parte balorazioan. 

Unai Rementeria ahaldun nagusiak gogoratu du Bizkaia aintzindaria izan zela arreta goiztiarra 6 urtera arte luzatzen, medikuek jakin badakitelako adin tarte horretan jasotako tratamentuak direla eraginkorrenak garapen arazoak gainditzeko. Eta azpimarratu du orain ere aitzindaria izango dela, zerbitzua familientzat doako bihurtzen. "Uste dugu gero ezberdintasunak gainditzen ibili behar izatea baino bidezkoagoa dela aukera berdintasuna lortzeko baldintzak eskaintzea hasieratik". Proiektua martxan ipini aurretik familiekin elkartu dira euren iritzia jasotzeko, eta "oso ondo" iruditu zaiela esan du Rementeriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.