Bizkaiak hondakinen erdiak baino gutxiago bildu ditu gaika, eta herenak erraustu ditu

Orotara, 600.000 tona hiri hondakin baino gehiago sortu ziren iaz herrialdean. Inoiz baino hondakin gehiago konpostatu ziren: 20.000 tona inguru.

Ontzi arinak biltzeko edukiontzi bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ontzi arinak biltzeko edukiontzi bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko uztailaren 16a
14:29
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaian hondakin gehiago birziklatu dira, Bizkaiko Hiri Hondakinen Behatokiak nabarmendu duenez. Iaz, 305.000 tona bildu ziren gaika: aurreko urtean baino 11.400 tona gehiago. Hau da, %5 egin du gora gaikako bilketak. Hala ere, Bizkaian hondakinen erdiak ere ez dira gaika biltzen. %48 jaso ziren sailkatuta, 2024an. Heren bat (%32,92), berriz, erraustu egin zen.

Gaikako bilketak gora egin du hondakin organikoarentzako edukiontzi marroiaren erabilerak bultzatuta. 2023an baino %5 materia organiko gehiago bildu zen horien bitartez (11.354 tona). Bestelako hondakinak ere gehiago sailkatu dira. Proportzio berean handitu da paperaren eta kartoiaren bilketa, eta 33.284 tona jaso dira. Ontzi arinen bilketak 22.000 tonaren langa gainditu du lehenengo aldiz.

Igoera apalagoa izan dute beiraren bilketak (28.736 tona) eta berrerabiltzeko arropa, jostailu eta bestelako objektuenak (4.724 tona), baina azken urteetan erakutsi duten goranzko joera berretsi egin dela adierazi du Bizkaiko Aldundiak.

Hondakinen tratamenduari dagokionez, gaika bildutakoaren kopuru bertsua bideratu zen birziklatzera: hondakin guztien %48,63. Sailkatuta jasotako hondakinez gain, Artigasko tratamendu mekaniko-biologikorako plantan errefusarekin nahastutako hondakinen parte bat banatzea lortzen baita.

Aldiz, hondakinen heren bat (%32,95) Zabalgarbiko errauste plantara eraman zuten. Hondakinen %13,5 zabortegietan isuri zituzten, eta %3,29 konpostatu egin zituzten, orain arteko markak apurtuz: 19.710 tona konpostatu ziren iaz.

Aldundiak hondakinen tratamendurako ezarri dituen helburuen artean da 2030erako hondakinen %70 birziklatzea, %5,6 konpostatzea, %21 erraustea eta %3 zabortegietara botatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.