Juan Antonio Zarate (PP) Arabako Batzar Nagusietako presidenteak gaur jakinarazi du herrialdeko ahaldun nagusia hautatzeko saioa uztailaren 7an egingo dutela.
PP izan zen maiatzaren 22ko foru hauteskundeetan lehen indarra Araban, 16 batzarkiderekin. EAJk 13 lortu zituen, Bilduk 11, PSE-EEk 8 eta EBk 2. Bilduk iragarria du Xabier Agirre jeltzalearen alde bozkatuko duela, eta PSEk Javier de Andres PPko hautagaiaren alde. EBren bi botoak erabakigarriak dira, beraz.
Bizkaian, berriz, datorren asteartean izendatuko dute ahaldun nagusia. EAJk 22 batzarkide ditu, Bilduk 12, PSEk 9 eta PPk 8. EAJk Jose Luis Bilbao azken bi legealdietako diputatu nagusia aurkeztuko du kargurako. Bilduk ere izango du hautagaia: Zuriñe Gaintza.