Burua estalita zeukaten lau lagunek TCSA konpainiako Bizkaibuseko bi autobusen kontrako erasoa egin dute gaur goizean Leioan eta Erandion (Bizkaia). Leioan Sarrienan egin dute erasoa eta Erandion Astrabuduan, eta aulkiak eta beirak hautsi dituzte. Enpresak esan duenez, gidariak mehatxatu ere egin dituzte.
TCSAko langileek asteak daramatzate protestan, eta asteburu honetan ere greban daude. Autobus horiek gutxieneko zerbitzuak betetzen ari ziren. Atzo hamalau autobusen aurreko hamalau beira apurtu zituzten ezezagun batzuek.
Enpresak grebako batzordeari "erantzukizunak" hartzeko eskatu dio. Eraso horien atzean TCSAtik kanpo lagunak daudelakoan dago konpainia.
Gizartea