Bizkaiko Probintzia Auzitegiak jakinarazi duenez, 11 urteko espetxeko zigorra ezarri diote gazte bati, indarkeria matxista egotzita. Akusatuak bikotekidearengandik urruntzeko eta harekin ez komunikatzeko agindua zuen, tratu txarren bi deliturengatik. Ordea, auzitegiak frogatu du akusatuak behin eta berriz urratu zuela agindu hori, eta abuztutik irailera bitarte elkarrekin bizi zirela. Epaitegiak erran duenez, tarte horretan akusatuak «eraso egin zion bikotekideari, fisikoki, sexualki eta psikologikoki».
Horrez gain, tratu txarren bi delitu, eta sexu eraso bat ere egotzi dizkio epaitegiak akusatuari. Irailean gertatu zen sexu erasoa, eta hura ikusi zuen biktimaren lagun batek berretsi egin zuen.
Espetxetik ateratzen denerako bortz urteko zaintzapeko askatasuna ere ezarri diote. Tarte horretan sexu hezkuntzako programetan parte hartu beharko du, eta debekatua izanen du biktimarengana hurbiltzea eta harekin komunikatzea. Horrez gain, 20.000 euro eman beharko dizkio biktimari, erantzukizun zibilagatik.
Epaia ez da irmoa, eta errekurtsoa jarri ahalko da EAEko Auzitegi Nagusian.