Cabacas Lizeranzu familiaren abokatuek akusazio idazkia aurkeztu ostean —launa urteko espetxe zigorra eskatu dute auzipetutako hiru ertzainentzat— Ana Torres epaileak ahozko epaiketa irekitzeko agindu zuen joan den ostiralean. Akusazio idazkia aurkeztu izanaren ondorio logikoa da ahozko epaiketa irekitzea, baina oraindik auziak beste oztopo bat gainditu behar du epaiketara iritsi arte, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ebatzi behar baitu aurkeztu diren helegiteen inguruan. Auzipetuen defentsak eta fiskalak aurkezturiko helegiteetan auzia artxibatzeko eskatu dute.
Atzo egitekoa zen Bizkaiko Probintzia Auzitegian helegiteak aztertzeko bilera, eta pentsatzekoa da datozen egunetan emango dutela erabakiaren berri.
2012ko apirilaren 5ean, larri zauriturik suertatu zen Iñigo Cabacas, ertzainek jaurtikitako pilota batek buruan jo zuenean. Bost egun geroago hil zen. Instrukzio fase luze baten ostean, joan den apirilean epaiketa egiteko izapideak hastea eta hiru ertzain auzipetzea erabaki zuen Ana Torres epaileak.