Lan gatazka

Bizkaiko Diputazioak esan du adinekoen egoitzetako langileen lan baldintzak ziurtatzen dituela

Isabel Sanchez Robles diputatuak esan duenez, sektoreko lan hitzarmenean jasotakoa bete bahar dute enpresek, adjudikazio kontratuetako baldintzek derrigortzen dietelako.

Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintza diputatua, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko ekainaren 1a
09:13
Entzun

Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean agerraldia izan du Isabel Sanchez Robles diputatuak, herrialdeko adinekoen egoitzetako lan gatazkaren harira. Zerbitzuaren kalitatearen inguruan zalantzak sortu nahi izatea egotzi die langileei. EH Bilduk galdetuta, azaldu du itunpeko egoitzetan diputazioak langileen lan baldintzak bermatzen dituela, zerbitzua esleitzeko kontratuetan lan hitzarmena bete behar dela jasota dagoelako. "Gure teknikariek egiten dituzten ikuskaritzetan aztertzen duten kontuetako bat da". Sanchez Roblesek esan du "bidezkoak" iruditzen zaizkiola beharginen eskaerak, eta ez duela "egundo" haien "profesionaltasuna" auzitan ipini. Baina, era berean, zerbitzuaren kalitatea behar bezalakoa dela bermatzeko kontrolak egiten dituzten foru teknikarien lana auzitan ez jartzeko ere eskatu du.

10.070 ohe daude Bizkaiko egoitzetan, eta horietatik 5.200 dira itunpekoak. "Erabiltzaile horietatik guztietatik iaz 34k baino ez duten ipini kexaren bat. Aurreko urtean baino %8,4 gutxiago izan ziren. Eta 11 kasutan ireki zen txostena. Nik esango nuke erabiltzaileak ere gustura daudela eskaintzen zaien zarbitzuarekin, izan ere, ona delako. Eta azpimarratu dezagun hori, guk guztiok, alderdi politiko guztiok, elkarrekin eta urteetan diseinatu dugun eredua da eta".

Aitortu du langile bakoitzaren kargura egon beharreko egoiliar kopurua 1998ko dekretu batek ezartzen duela. "Baina ez erreparatu dekretu horri. Gaur egun legez eskatutako ratioak %48an gainditzen dira. Inork ez dio dekretuari kasurik egiten". Berritu egin beharko litzatekeela uste du, baina gogora ekarri du horren eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela.

Ekainaren 8tik 14ra egingo dituzte hurrengo lanuzteak

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.