Bizkaiko eskoletako menuek gantz, proteina eta sodio gehiegi dutela ondorioztatu du ikerketa batek

Hamar eskolatako mila menu aztertu ditu EHUko ikerketa talde batek. Menuak egokiak direnean ere, umeek ez dute dena jaten, eta, beraz, ez dute jasotzen balio nutrizional osoa.

Eskola bateko jangelan janaria partitzen. EFE
Eskola bateko jangelan janaria partitzen. EFE
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 18a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezustekorik ez: gomendatu baino proteina, gantz eta sodio gehiago; aholkatu baino karbohidrato eta zuntz gutxiago. EHUko ikerketa talde batek Bizkaiko hamar eskolatan 11-12 urteko haurrei emandako mila menu aztertu ditu, eta ondorio hori atera du. «Espero genituen emaitza horiek», azaldu du Naiara Martinez ikertzaileak. «Dieta mediterraneo tradizionaletik urruntzen ari gara; jangeletan ikusi duguna gure gizartearen elikaduraren isla da». Proteina gehiegi, haragi asko jartzen zaielako. Gantz gehiegi, jaki frijituengatik. Horiez gain, baita gatz gehiegi ere.

EHUko Microfluidics & Biomics klusterrak, Neuropsikofarmakologia taldeak eta Biobizkaiak egin dute ikerketa, elkarlanean. Argazkiak atera dizkiete platerei, umeek jan aurretik eta ondoren. Zer janari eman dieten, zer jan duten eta zer bota den aztertu dute. «Zer eskaintzen zaien jakitea bezain garrantzitsua baita zer irensten eta baztertzen duten ikustea», Martinezen arabera. Izan ere, gerta daiteke haurrei eskaintzen zaien menua egokia izatea, baina, ez badute dena jaten, orduan ez dute jasotzen menuaren balio nutrizional osoa. «Hori da, hain zuzen, ikerketak erakutsi duena», nabarmendu du Martinezek. EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta irakaslea da.

«Zer eskaintzen zaien jakitea bezain garrantzitsua da zer irensten eta baztertzen duten ikustea»

NAIARA MARTINEZ EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta irakaslea

Ikertzaileek badakite eskoletako menuek ezaugarri batzuk bete behar dituztela, legez betebehar batzuk dituztela. Baina baita agindutakoaren, jangeletara iristen denaren eta jangeletan gertatzen denaren artean aldeak daudela ere: «Gauza bat da paperean zer datorren, eta beste bat eskolan zer gertatzen den. Gure helburua zen benetan ematen eta jaten dutenaren diagnostiko bat egitea, aldaketarik egin behar bada nondik jo jakin ahal izateko».

Kaloria gehiegi. Ikertzaileen esanetan, bazkariak egun osoko energiaren %30 eskaini beharko luke; haiek aztertutako menuek, ordea, %40 eskaini zuten. Kopuru horrek ondorioak ditu osasunean, jarduera fisikoa behar baino apalagoa delako: «Gehienen jarduera maila ertaina edo baxua da».

Baina umeek ez dituzte jaten menuek eskainitako kaloria guztiak, janaria uzten baitute platerean, eta horrela «orekatu» egiten da ematen dietena eta jasotzen dutena. Jaten ez dutena kenduz gero, «kaloria kopurua ez da hain handia».

Zenbat janari uzten dute platerean? Aztertutako menuen %12,2tan, laurdena baino gehiago. Proportzio hori handiagoa da barazkien eta lekaleen kasuan: umeen erdiek baino gehiagok utzi zuten janariaren laurdena jan gabe. «Ondorioz», Martinezen esanetan, «benetan jaten dutenaren nutrizio balioa ez da heltzen helburuetara, bitamina, zuntz, burdin gutxiago jaten dutelako».

Orekaren bila

Ikertzaileek uste dute oreka bilatu behar dela: menuek osasungarriak izan behar dute, baina haurren gustuetara egokitu behar dute. «Izan ere, nutrizionalki egokiak izanik ere, ondoren ez badituzte osorik jaten, ez dugu ezer lortuko», ondorioztatu du Martinezek.

Bi gomendio behintzat egin dituzte. Alde batetik, argi eta garbi ikusi dute umeek barazkiak pure eginda nahiago dituztela. Osorik ematen dizkietenean, beste janari baten lagungarri gisa —ilarrak, piperrak, entsalada…—, ez dituzte hainbeste jaten. Bestetik, menuen zuntz falta konpontzeko, zereal integralak ematea proposatu dute. Zalantza da ea umeek pasta eta arroz integralak onartuko dituzten.

Martinezek onartu ahalegina egiten ari dela eskoletako menuen egokitasuna hobetzeko, baina uste du ez dela nahikoa: «Emaitzek erakusten dute orain arte egindakoa ez dela erabat eraginkorra. Horregatik, beharrezkoa da umeen gustuak eta behar nutrizionalak kontuan hartuta jangeletako menuak eguneratzea eta neurriak bilatzea elikadura ohitura osasungarriak benetan sustatzeko».

Landare proteinak

Ikerketan ikusi dute umeek platerean jan gabe utzitakoak garrantzi handia duela haien elikaduran, baina baita jasangarritasunean ere. Menuetan haragiaren bidez umeei proteina gehiegi eskaintzen zaizkiela ikusita, gomendatu dute haragi gutxiago jartzeko eta bestelako proteina iturri batzuk erabiltzeko, landare jatorrikoak «edo umeek ondo onartzen dituzten animalia jatorrikoak, hala nola arrautzak».

Aldeak daude eskola publikoetan eta itunpekoetan. Aztertutako eskoletako bost publikoak dira, eta beste bostak itunpekoak. Bi sareetan daude «eredu onak», baina ikusi dute eskola publikoetako jangeletan menuak gehiago egokitzen direla nutrizio aholkuetara. Aldiz, ikasleek janari gutxiago uzten dute platerean itunpekoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.