Koronabirusa

Bizkaiko gimnasioek helegitea jarriko dute eremu gorriko murrizketen aurka

Gimnasioetako enpresaburuen elkarte AVEAFen arabera, murrizketak ez daude «osasun irizpideen arabera» ebatzita.

arantxa iraola
2021eko apirilaren 8a
17:57
Entzun

Gimnasioak dituzten enpresaburuen elkarteak EAEko Auzitegi Nagusira joko du intzidentzia handiko tokietara begira Labi batzordeak ebazten dituen murrizketen kontra helegite bat aurkezteko. Toki horietan itxiera perimetrala bete behar izaten da, tabernen barruko aldeak erabiltzeko ordutegiak ezarrita egoten dira, eta, horiez gain, gimnasio eta antzekoetan ere hainbat murrizketa kontuan hartu behar izaten dira: aldagelak eta dutxak, adibidez, ezin izaten dira ireki, eta toki itxietan lau lagun baino gehiagok ezingo dute jardun taldean. Horren kontra egin nahi dute helegitearekin.

Prentsa ohar baten bidez eman dute gimnasioetako arduradunek auzitara jotzeko asmoaren berri. Intzidentzia handiko tokietan ere orain arteko neurrien barruan jarduteko eskatu dute; alegia, edukiera %35era mugatuta, aireztapenerako neurriak hartuta, eta maskararik gabe inor ez dela ariko ziurtatuta. Hortik apartekorik ez dela behar uste dute, eta, areago, ez dute uste orain erantsi nahi diren neurriak «osasun irizpideen arabera» ebatzita daudenik. «Ez da ulertzekoa».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aparteko neurriak hartu behar izaten dira azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia gainditzen duten tokietan, eta ugaritzen ari dira langa gainditzen ari diren herriak. Gaur bertan jakin da Bilbok eta Gipuzkoa osoak gainditu dutela tasa hori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.