Airearen kalitatea

Bizkaiko hiru udalerritako eskoletako ume guztiek kalitate txarreko airea arnasten dute

Basauri, Galdakao eta Etxebarriko eskola guztietako nitrogeno dioxido mailak Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutakoaren gainetik daude. Emisio gutxiko eremuak sortzeko eskatu dute.

TRAFIKOA - AUTO ILARAK
Auto ilara bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko maiatzaren 7a
11:50
Entzun

Ekologistak Martxan-ek Bizkaiko hiru udalerritako —Basauri, Etxebarri eta Galdakao— eskoletako airearen kalitatea neurtu du, eta ondorioztatu nitrogeno dioxido (NO2) maila txarrak dituztela denek, ez baitituzte betetzen Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioak. Gehienez metro kuboko batez beste hamar mikrogramo NO2 izatea jarri zuen irizpide gisa OMEk 2005ean, airea osasuntsua den ala ez jakiteko, eta eskola denak daude langa horren gainetik.

Hain justu, udalerri horiek, 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten arren, Bilbo Handiaren aire bera dute, eta horregatik aukeratu dituzte neurketak egiteko, Paco Ramos Ekologistak Martxan-eko kideak azaldu duen moduan. 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak ez daude behartuta kutsadura murrizteko emisio gutxiko eremuak egitera, Espainiako klima aldaketaren legearen arabera, baina gomendatua dute. Ramosek adierazi du frogatuta geratu dela beste udalerri horietan ere airearen kalitatea txarra dela, baina emisio gutxiko eremuak egiteko borondate politikoa behar dela: «Edozeinek egin dezake, eta herritarren onurarako dira».

%25

Basauri, Galdakao eta Etxebarriko eskolen %25ek soilik betetzen dituzte Europako direktiba berriak nitrogeno dioxidoari ezarritako mugak. Bestalde, eskola guztiek gainditzen dute Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako muga.

Kutsadura murrizteko emisio gutxiko eremuak egitea da neurri eraginkorrena Ekologistak Martxan-eko kideentzat, eta Euskal Herriko hirigune nagusiek —Barakaldo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea— oraindik halako eremurik prestatu ez izana salatu dute, eta legea ez errespetatzea. Ramosek gogorarazi du Arartekoak udalerri horiei leporatu ziela halako eremuak oraindik egin ez izana, eta, horrez gain, salatu du udalerri horiek hilabeteak behar izan zituztela haien galderei erantzuteko. Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren defendatzaileak gogorarazi zuen aire kalitate txarra duten 20.000 biztanletik gorako udalerriek ere egin behar dituztela emisio gutxiko eremuak.

Udalerrietako datuak

Eskola batek ere ez du gainditzen Espainiako 2011ko legeak ezarritako langa —40 mikrogramo metro kuboko—. Langa hori, baina, Europako 2008ko direktibaren arabera egin zen, eta direktiba hori laster berritua izango da: duela bi aste Europako Parlamentuak direktiba berria onartu zuen, eta laster jarriko da indarrean. Hala, 2030erako 20 mikrogramo metro kubotik behera egon beharko dute. Langa berri horren arabera, azterketak egindako hiru udalerrietako 28 eskoletatik zazpik soilik beteko lukete legeak adierazitakoa; gainontzekoetan ez. Horrez gain, adierazi dute kalitate txarreko airea umeengan okerragoa dela, hazte prozesuan daudelako eta zaurgarriagoak direlako. Asma eta bestelako gaixotasun batzuk areagotzen dituela nabarmendu dute.

Emaitza horiek ikusita, Ekologistak Martxan-ek hiru udalerri horietako udalei eskatu die Bilboko Udalarekin batera modu bateratu batean emisio gutxiko eremuak ezartzeko. Gogorarazi dutenez, Arartekoak ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren Aire Kalitatearen 2030erako Planak ere gomendatzen du 50.000 biztanletik beherako herrietan halako eremuak ezartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.