Ingurumena

Bilboko erdigunera autoz sartzeko murrizketak ekainaren 15ean sartuko dira indarrean

Udalak data jarri dio Bizkaiko hiriburuan emisio gutxiko eremua (EGE) ezartzeari.

Auto kutsagarrien zirkulazio muga. BERRIA
Auto kutsagarrien zirkulazio muga. BERRIA
pettan uralde
2024ko maiatzaren 6a
15:30
Entzun

Gehien kutsatzen duten ibilgailuek sarrera mugatua izango dute Bilbon, ekainaren 15etik aurrera. Egun horretan sartuko da indarrean emisio gutxiko eremua (EGE) hiriko erdigunera ibilgailuan sartzeko. A etiketa dutenentzat edo etiketarik ez dutenentzat izango du eragina, Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotziak gaur zehaztu duenez. B katalogazioa duten autoentzako murrizketak urtebete barru sartuko dira indarrean. Udalak eginiko ikerketa baten arabera, hirian dabiltzan ibilgailuen erdiak dira B motakoak eta etiketarik gabeak.

Hego Euskal Herrian, 50.000 biztanletik gorako hiriek ezarri beharko dituzte emisio gutxiko eremuak. Zazpi dira: Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Barakaldo (Bizkaia), Getxo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa). Guztiak dabiltza atzeratuta —2023rako behar zuten indarrean—, eta Madrilek bi aldiz atzeratu du legeak zehaztutako epemuga. Frantziak 150.000 biztanle baino gehiagoko hiri aglomerazioei ezarri die egitekoa. Horrenbestez, Ipar Euskal Herrian, Baionako aglomerazioan eratu beharko dute eremua.

Emisio gutxiko eremuak Abandoko barrutia hartuko du, hau da, itsasadarrak mugatutako eremua, eta baita Sabino Arana, Trenbidearen etorbidea, Autonomia eta Bailen kaleak ere. Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, Udalak kolektibo eta pertsona partikularren 186 alegazio jaso ditu ekarpenak jasotzeko irekitako epean. Kopuru horretatik 55 «osorik edo zati batean» onartu dira.

(ID_5368575) ESKOLA GARRIOA. Autobusak.
Auto pilaketak Getxon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

EH Bilduk balorazioa egin du, eta esan du Udal Gobernuak emisio gutxiko eremuaren ordenantza berriaren inguruan egindako kudeaketak «ziurgabetasuna eta nahasmena» eragin duela herritarrengan. Gobernu taldeak emisio gutxiko eremuari buruzko ordenantza berriaren inguruan egindako kudeaketa «aldez aurretik beharrezkoa zen informaziorik eta parte hartzerik gabe» egin dela adierazi du Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak. «Argi dago horrek ziurgabetasuna eta nahasmena baino ez duela eragin Bilboko herritarrengan», gaineratu du.

Renedok berretsi du beharrezkoa dela Bilbok «krisi klimatikoari aurre egiteko neurriak hartzea, hiribildua erreferente bihurtuko duten neurri eraginkor, ausart eta adostuak».

Hala ere, esan duenez, EAJk eta PSEk, «Bilbo hiri eredugarri bihurtzeko emisio gutxiko eremuko ordenantza berriak izan zezakeen potentzial eraldatzailea aprobetxatu beharrean, gutxieneko proposamen bat egin dute, hiri osoko airearen kalitatea hobetuko ez duena».

Lau etiketa mota

Gaur-gaurkoz lau ingurumen bereizgarri daude, ibilgailu motaren arabera. Talde horietakoren bateko kide ez direnek ez dute eranskailu bat jasotzeko eskubiderik, «ibilgailu garbi gisa etiketatua izateko baldintzak betetzen ez dituztelako», eta sartzen badira, zigortu egingo dira.

Beraz, hauek dira aukerak: zero emisioren etiketa izatea (urdina), bateria elektrikoentzat, autonomia hedatukoentzat eta 40 kilometroko autonomia duten hibrido entxufagarrientzat; Eko etiketa izatea (berdea eta urdina), 40 kilometrotik beherako autonomia duten elektriko entxufagarrientzat, hibrido ez-entxufagarrientzat eta gas naturalaren, gasaren edo petrolioaren gas likidotuaren bidez propultsatutakoentzat.

C etiketak (berdea) 2006ko urtarriletik aurrera matrikulatutako gasolinazko turismo eta furgoneta arinak eta 2015eko irailetik aurrera matrikulatutako dieselak katalogatzen ditu, bai eta zortzi toki baino gehiagoko ibilgailuak eta 2014tik matrikulatutako gasolina edo diesel ibilgailu pisutsuak ere. Eta B etiketa (horia) 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera matrikulatutakoentzat eta 2006tik aurrera matrikulatutako diesel eta gasolinazko automobil eta furgoneta arinentzat da, bai eta zortzi toki baino gehiagoko ibilgailu astunentzat ere, gasolina zein dieselekoak, 2006tik matrikulatutakoak.

Sarbide guztiak kamera bidez kontrolatuko dituzte. Kamerek automatikoki irakurriko dituzte ibilgailuen plakak, eta pasatu ahala baieztatuko dute eremura sartzeko baimen hauek dituzten ala ez.

(ID_13462015) ESPAÑA AÑO NUEVO
Emisio gutxiko eremuaren trafiko seinalea, Madrilen. J.P.GANDUL / EFE

Gainontzeko hiriak bidean

Bilbok bezala, Donostiak ere trantsiziorako aldi bat iragarri du. Bi fasetan sartuko da indarrean emisio gutxiko eremua: lehen fasean, 2027a amaitu bitarte, ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuei debekatuko zaie eremura sartzea. Hau da, gaur egun hirian ibili ohi diren ibilgailuen %90ek izango dute baimendua sartzea. Bigarren fasean, 2028tik aurrera, B etiketa dutenak ere ezingo dira sartu. Zero, Eko eta C etiketadunek soilik izango dute baimena.

Iruñea zen orain arte Euskal Herrian emisio gutxiko eremu bat indarrean zuen hiri bakarra. 2023rako jarri zuen martxan, baina, praktikan, izen aldaketa formal bat besterik ez zen izan. Udalak hala izendatu zuen aurretik indarrean zuen sarbide kontrolatuko eremua. Ez zen aldaketarik izan trafikoari ezarritako murrizketetan.

Gasteizek ez du emisio gutxiko eremua sortzeko proiekturik aurkeztu, baina diseinatzeko lanean ari da. Parte-hartze prozesu bat hasi zuen azaroan, eta herritarren eta gizarte eragileen 127 proposamen bildu ditu eremuak izan beharko lukeen funtzionamenduari buruz.

Legedia betetzeko gehiago falta zaie Barakaldori, Getxori eta Iruni. Oraindik ez dute aurkeztu emisio gutxiko eremua ezartzeko proposamenik. Atzerapena dela eta, Espainiako arartekoa Barakaldo eta estatuko beste 32 hiri ikertzen hasi zen azaroan.

Ipar Euskal Herrian, Euskal Elkargoak ikerketa bat hasi zuen apirilean, Lapurdiko kostaldeko trafikoaren ezaugarriak identifikatzeko. Emaitzetan oinarrituta ekingo die emisio gutxiko eremua diseinatzeko lanei. Logikoena da Baionak, Miarritzek eta Angeluk osatzen duten hirigunean kokatzea emisio gutxiko eremua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.