Bizkaiko SOS Arrazakeriak jasotako salaketa gehienak arrazakeria instituzionalari dagozkie

35 salaketa jaso zituzten 2023an. Datu horiek jaso, eta aurtengo ‘Diskriminazioaren ahotsak’ txostena aurkeztu dute. Arrazakeria instituzionalaren barruan, eraso gehienak Poliziak egin zituela nabarmendu dute.

Auzoetako indarkeria arrazistaren gorakada salatzeko, Bizkaiko SOS Arrazakeriak elkarretaratzera deitu zuen joan den astean, Bilboko San Frantzisko auzoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Auzoetako indarkeria arrazistaren gorakada salatzeko, Bizkaiko SOS Arrazakeriak elkarretaratzera deitu zuen joan den astean, Bilboko San Frantzisko auzoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko uztailaren 11
18:30
Entzun

«Psikologikoki hondoratzen zaituzte, zaborra zarela pentsatzen baituzu, ezertarako balio ez bazenu bezala». Bizkaiko SOS Arrazakeriak urteroko Diskriminazioaren ahotsak txostena aurkeztu du gaur Bilboko Zirika herri gunean, eta herritarrek arrazakeria nola bizi duten jaso dute. 2023an jasotako salaketak ere bildu dituzte: 35 guztira. Salaketa horietako gehienak arrazakeria instituzionalari dagozkie.

Eraso eta tratu arrazistengatik, aurreko urtean baino salaketa bat gehiago jaso zuen iaz Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoak. %46 dagozkie arrazakeria instituzionalari; hots, hamasei salaketa. 2022ko datuekin alderatuta, arrazakeria mota hori %13 igo da. «Datuek erakusten dutenez, beste urte batez, erakunde arrazismoa da migratu, arrazializatu eta ijitoentzako agente diskriminatzaile nagusia», adierazi dute txostenean.

Arrazakeria instituzionalaren barruan, erasoen %81 poliziek egin zituzten. «Datu horien emaitza kezkagarria da»; hala ohartarazi dute. Izan ere, 2022an zein 2023an «polizia indarrak lehen agente arrazista» izan ziren. Erasoen %54 Ertzaintzak egin zituen, %38 Bilboko Udaltzaingoak eta %8 Portugaleteko Udaltzaingoak. Besteak beste, herritarrek salatu dute «irain arrazistak, eraso fisikoak eta justifikaziorik gabeko isunak» pairatu izana. Eraso horiengatik salaketa jarri duten gehienak marokoar jatorriko gizonak dira, 29 eta 48 urte bitarte dituzte eta egoera administratibo erregularrean daude. Arrazakeria instituzionalaren gainerako salaketak beste erakunde batzuetan gertatzen dira, besteak beste, Osakidetzan.

Hain justu, joan den ostiralean, Bizkaiko SOS Arrazakeriak, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako taldeen koordinakundearekin batera, elkarretaratzera deitu zuen, auzoetako «indarkeria arrazistaren gorakada» salatzeko. Besteak beste, «Poliziaren basakeria» kritikatu zuten: «Mariaren Bihotza plazan Polizia pertsona migratuei eta arrazializatuei jazarri izanaren lekuko izan gara». Horrez gain, pertsona beltzen aurkako pintaketa arrazistak salatu zituzten, baita Bilboko postontzietan sartu dituzten panfletoak, «adingabeen aurkako heriotza mehatxu esplizituekin eta arrazakeria zantzu bortitzekin». Eragileek argi utzi zuten ez direla isilik geratuko, eta indarkeria arrazistarik gabeko auzoen alde lan egingo dutela, eraso horiei «modu kolektiboan aurre eginez».

Salaketen %14 partikularrek egin zituzten. «Biktimen eguneroko bizitzatik kanpoko pertsonek egindako abusu eta erasoak» hartzen dituzte kontuan. Auzokideen arrazakeriari, berriz, salaketen %11 dagozkie, eta laneko arrazakeriari beste %11. Gainerako salaketak segurtasun pribatuaren arrazakeriari, etxe agentzien arrazakeriari, eskolan gertatutako arrazakeriari eta islamofobiari dagozkie: %6, %6, %3 eta %3, hurrenez hurren.

Jatorria, adierazle garrantzitsua

Hamar salatzailetik lauk jatorri marokoarra dute. SOS Arrazakeriaren arabera, jatorria adierazle garrantzitsua da, «bortxatuak izateko arrazoi nagusietako bat» baita. %14k jatorri aljeriarra dute, eta beste batzuek Kubakoa, Gambiakoa, Malikoa eta Kolonbiakoa, besteak beste.

%43

18 eta 38 urte bitarteko pertsonak Bizkaiko SOS Arrazakeriaren arabera, gazteek aukera gehiago dituzte arrazakeria pairatzeko. 2023an, salatzaileen %43k 18 eta 38 urte bitarte zituzten. 50 urtetik aurrera, kasuak «nabarmen» jaisten dira.

Erdiak baino gehiago egoera administratibo erregularrean daude, eta %23 egoera administratibo irregularrean. Espainiako herritartasuna dutenak, berriz, %26 dira. Are, 18 eta 38 urte bitarteko pertsonak %43 dira. Haatik, taldeak uste du «gorputz migratu gazteenek» dituztela eraso eta jarrera arrazistak izateko aukera gehien. 50 urtetik aurrera kasuak «nabarmen» jaisten dira.

2022an, bost salatzailetik bat izan zen emakumea. 2023an, aldiz, gizonen eta emakumeen arteko aldea nabarmen murriztu da: %57 gizonezkoak dira, eta %43 emakumezkoak. SOS Arrazakeriaren arabera, emaitzok alboratu egin dute «gizarteak onartutako teoria» bat: «Gorputz maskulinizatuek ez dituzte eraso arrazista gehiago pairatzen, emakumeak ere biktima zuzenak dira». Polizia arrazakeria kontuan hartuta, halere, gizonen eta emakumeen arteko aldea nabarmena da; salatzaileen %85 gizonezkoak izan ziren. «Esan dezakegu gizonezko gorputz migratu eta arrazializatuek arrisku handiagoa dutela segurtasun indarrek identifikatzeko eta erasoak izateko», Bizkaiko SOS Arrazakeriaren iritziz.

«Etengabe zalantzan jarri behar ditugu pertsona batzuk besteen gainetik egotea legitimatzen duten ideiak eta ekintzak»BIZKAIKO SOS ARRAZAKERIA

Arrazakeria jasan dutenek «erruduntasun sentimendua» dutela adierazi du Kolonbiako gizon batek txostenean. «Zergatik? Zer egin dut nik? Nor jarri dut nik deseroso?», galdetu du. Eta Kubako emakume batek aitortu du arrazakeriak «psikologikoki burua suntsitzen» duela. «Iraintzen dizutenean, edozein tokitan, horrek psikologikoki eragin handia du zugan, bai mentalki, baita pertsonalki ere».

Salaketen bilduma egiteaz gain, beste hainbat gai aipatu dituzte txostenean. Besteak beste, Silviaren auzia ekarri dute gogora, «arrazakeriaren aurkako erresistentzia bost urtez luzatu zaion emakume baten kasua». Polizia abusu arrazisten aurkako kanpaina, errolda kanpaina eta Antirrazismoa pARTEkatu jaialdia ere izan dituzte hizpide.

Datuak aztertuta, Bizkaiko SOS Arrazakeriak ezinbestekotzat jo du «arrazakeriaren aurkako gizartea» eraikitzea. «Etengabe zalantzan jarri behar ditugu pertsona batzuk besteen gainetik egotea legitimatzen duten ideiak eta ekintzak». Horretarako, beharrezkoak dira, besteak beste, entzute aktiboa, arraza berdintasuna, aniztasuna eta horizontaltasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.