Bizkaiko zahar etxeetan bero boladei aurre egiteko baliabideak falta direla salatu du Babestuk

Senideen elkarteak inkesta bat egin du langileen eta senideen artean. Bizkaiko Batzar Nagusietan jakinarazi ditu emaitzak.

Babestu elkarteko ordezkarien agerraldi bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Babestu elkarteko ordezkarien agerraldi bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko azaroaren 28a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko zahar etxe askotan ez dago bero boladei aurre egiteko larrialdi planik, edo langile gehienek ez dute ezagutzen. Hamar langiletik zazpik uste dute Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarrak ez daudela babestuta bero boladei aurre egiteko. Lau langiletik hirurentzat, beren prestakuntza ez da nahikoa halako egoeretarako. Logela gehienetan ez dago aire giroturik. Langile gehienek uste dute ez direla behar bezalako prebentzio neurriak hartzen; zahar etxeetako egoiliarren senideen erdiek ere bai. Eta ia langile guztien esanetan, udako langile kopurua ez da nahikoa bero boladei aurre egiteko.

Babestu elkarteak egin du inkesta. Bizkaiko zahar etxeetako senideen eta erabiltzaileen elkartea da. Inkesta txikia da: 148 langilek eta 27 senidek erantzun dute. 33 herritako zahar etxeetako senide edo langileak dira; 31 Bizkaikoak, bi Gipuzkoakoak. Gehienek ez dute zehaztu nahi izan beren zahar etxearen izena. Zehaztu dutenek 37 zahar etxeren izenak eman dituzte.

Elkarteak onartu du inkestaren emaitzak estatistikoki ez direla adierazgarriak, baina uste du baliagarriak direla zer gertatzen ari den erakusteko: «Espero izatekoak diren krisien aurrean, bero boladak adibidez, kudeaketa pribatuak sentiberatasun txikia du, eta ez dago prest bitartekoak jartzeko egoiliarrentzat hilgarriak izan daitezkeen ondorioak prebenitzeko».

Aire giroturik ez

Babestu elkarteko ordezkariak Bizkaiko Batzar Nagusietan izan dira, inkestaren emaitzen berri ematen. Zahar etxeetan beroa oso arriskutsua eta hilgarria izan daitekeela ohartarazi diete batzarkideei. Are gehiago zaharrek gaixotasun kronikoak eta nahasmendu neurologikoak badituzte, edota botika jakin batzuk hartzen badituzte.

Eusko Jaurlaritzak badu bero boladei aurre egiteko plan bat. «Baina protokolo bat egoteak ez du esan nahi behar bezala zabaldu denik, ezta aplikatu behar dutenek ezagutzen eta menderatzen dutenik ere», esan dute. Inkesta erantzun duten langile eta senide gehienek ez dute ezagutzen.

Bero boladetan, garrantzitsua da aire girotua duten espazioak izatea. Hamar langiletik bederatzik esan dute beren zahar etxeetan gelek ez dutela aire giroturik. Senideen %11k erantzun dute logela guztietan daudela, eta %8k logela batzuetan bakarrik.

Pribatizazioaren eragina

Hamar langiletik zortzik eta senideen erdiek uste dute zahar etxeek ez dituztela behar bezala prebenitzen bero boladak. Galdetu diete ea zer prebentzio neurri hartuko lituzketen. Neurri asko zerrendatu dituzte: aire girotua jartzea, langile gehiago kontratatzea, protokoloa betetzea, arrisku handia duten egoiliarren zerrenda egitea, berotik babesteko eremuak izatea, logeletako tenperatura neurtzea, uraz gain zukuak ere eskaintzea...

Zaintzaileak zaindu behar direla nabarmendu dute: «Zahar etxeetako egoiliarren ongizatea zaintzaileen osasunaren eta ongizatearen mende dago; akituta eta gaixo daudenek ezin dute behar bezala zaindu. Lehentasuna da zaintzaileak zaintzea, haien lana duintasunez egin ahal izateko baliabideak jartzea».

Babesturen iritziz, zahar etxeen pribatizazioak ondorio zuzena du bero boladei aurre egiteko neurri, baliabide eta prebentzio faltan. Erakunde publikoei egotzi diete ez dituztela behar bezala kontrolatzen. Horregatik, kontrol lanetan jarrera aktiboagoa izan dezatela eskatu diete. «Zaintza etekinetan oinarritzen duen gizartea gaixo dago», esan diete batzarkideei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.