Bizkartzain pribatuen aurrekontua %10 gutxituko du Jaurlaritzak 2011n

Herrizaingo Sailak ez du izango diru laguntzarik indarkeria politikoak eragindako biktimentzat

edurne begiristain
Gasteiz
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Dirua aurrezteko «ahalegin handia» egingo du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak datorren urtean. Diru gutxiagorekin, ordea, «gehiago» egiteko gai dela erakutsiko du, Rodolfo Ares sailburuaren esanetan. Herrizaingo sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du bere departamentuak 2011n izango duen aurrekontua. 2011n ia 740 milioi euroko aurrekontua izango du Herrizaingo Sailak, aurten baino %1,2 gutxiago. Lehentasun nagusi bakarra izango du departamentuak hurrengo urtean: «Pertsona ororen segurtasuna, eskubideak eta askatasunak bermatzea».

Nolanahi ere, gobernuak %10 jaitsiko du ETAk mehatxatutako pertsonen segurtasuna bermatze aldera enpresa pribatuek egiten dituzten bizkartzain lanak ordaintzeko aurrekontua, eta 88 milioi euro erabiliko ditu zeregin horretarako. Zerbitzu horren antolaketan izan diren aldaketen eta kontratuen negoziazio berrien ondorio da jaitsiera hori, Aresen hitzetan. Gainera, laguntza hori handitzeko aukera dagoela esan du sailburuak. Alderdi politikoen egoitzen segurtasunerako aurrekontuan, berriz, ez da aldaketarik egongo, eta aurtengo kopuru bera erabiliko da: 2,5 milioi euro.

Gainera, «terrorismoaren biktimei» erabateko babesa eta laguntza emango die Jaurlaritzak datorren urtean ere. Hala, Biktimak Artatzeko Eusko Jaurlaritzaren Zuzendaritzak 2,5 milioi euro izango ditu, aurten baino 900.000 euro gutxiago. Izan ere, orain arte kaletik presoen irudiak kentzeko erabili den dirutza hori aurrerantzean ez du Biktimak Artatzeko Zuzendaritzak kudeatuko, Ertzaintzak baizik. Zehazki, «biktimentzat iraingarriak» izan daitezkeen kartelak eta argazkiak kentzeko 662.000 euro inguru emango ditu Aresek datorren urtean. ETAren biktimen elkarteei, berriz, 1,2 milioi euro emango dizkie, aurten adina.

Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, datorren urteko aurrekontuak ez du jasoko motibazio politikoak eragindako biktimeninguruko txostenari dagokion laguntzarik, lan hori amaitu gabe duelako gobernuak. Txostena aurkezten denean, Giza Eskubideen Zuzendaritzak bideratuko du, behar izatekotan, horretarako laguntza berezia, haren esanetan.

Ertzaintzaren informazio sistema «zaharkituta» dagoenez, hura berritzeko 38 milioi euro jarriko ditu Herrizaingo Sailak. Sistema berriaren bitartez, ertzainek patruila autotik bertatik edozein ibilgailu edo pertsonaren inguruko informazioa eskuratuko dute, eta herritarrek kalean bertan jarri ahal izango dituzte salaketak.

Gobernuaren bidaiak

Lehendakaritzako aurrekontuaren berri ere eman du Jaurlaritzak, Jose Manuel Salinero lehendakaritzako idazkari nagusiaren bidez. 72,74 miloi euroko aurrekontua izango du 2011n, aurten baino %2,3 gutxiago. Diru laguntza guztietan egongo da jaitsiera, funtzionamendu gastuetan izan ezik: %0,2 egingo du gora kapitulu horrek, gobernuaren bidaia instituzionaletarako aurten baino 30.000 euro gehiago erabiliko delako -orotara 990.000 euro, aurten baino%3,1 gehiago-. Gutxienez bi bidaia egingo ditu lehendakariak 2011n:Abu Dhabira bata, eta AEBetara bestea.

Kanpoko Ekintzari dagokionez, atzerrian dauden euskal elkarteentzat beste laguntza batzuk sortuko dira: 500.000 euro Euskal Kolektibitateen Munduko Batzarra antolatzeko, eta 30.000 euro atzerrian bizi diren euskal herritarren beharren azterketa egiteko. Bestalde, 150.000 euro erabiliko dira EITBrekin bizikidetza demokratikoa eta biolentziaren deslegitimazioari buruzko akordioa martxan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.