Bolizko 54 pieza atzeman dizkiote Bizkaiko enpresa bati, ziurtagiririk gabe saltzeagatik

Bolia txertatua zuten 68 eskultura ere aurkitu dituzte. Pertsona bat identifikatu dute.

Atzemandako bolizko piezetako batzuk. GUARDIA ZIBILA
Atzemandako bolizko piezetako batzuk. GUARDIA ZIBILA
jakes goikoetxea
2025eko maiatzaren 9a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Guardia Zibilak bolizko 54 pieza atzeman dizkio Bizkaiko enpresa bati, beharrezko ziurtagiririk gabe saltzen zituelako Interneten. Bizkaitar bat identifikatu dute, produktu horiek eskaintzen zituelako, CITES ziurtagiririk gabe: animalien eta landareen salerosketa haien biziraupenerako mehatxua ez dela ziurtatzeko agiria da CITES. Ziurtagiri hori gabe, bolia saltzea espezie babestuen trafiko delitua da; piezek 50.000 euro baino gehiago balio badute, arau hauste penala izan daiteke, kontrabandoagatik. 

Sepronak, Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuak, ikusi zuen bolizko zenbait pieza salgai zeudela Interneteko zenbait atari espezializatutan. Berrogei iragarki zenbatu zituzten. Iragarkiak ikertuta, ikusi zuten bizkaitar batek saltzen zituela, haiek saldu ahal izateko CITES ziurtagiririk eduki gabe. Bizkaitar horren enpresarekin lotutako bi leku miatu zituzten. Haietan bolizko 54 pieza aurkitu zituzten, saldu ahal izateko beharrezko agiririk gabeak: bolizko eskutokia duten bastoiak, enperadoreen eta geishen eskulturak, elefanteen letaginak, murkoak, haizemaileak eta kutxa zaharrak. Horiez gain, bolia txertatua zuten 68 eskultura ere atzeman zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.