Gaur goizean, ia bost eta erdiak zirela, ezezagun batek telefonoz Pirinio Atlantikoetako suhiltzaileei deitu die, Miarritzen (Lapurdi) Hotel du Palais-en eta Bokalen (Lapurdi) eraikitzen ari diren etxebizitza batzuetan lehergailuak zeudela esanez, www.kazeta.info-k dioenez. Ez da eztandarik izan, baina, Frantziako Poliziak jakinarazi duenez.
Ezezagun hark "Euskal Herria ez da salgai" esanez bukatu du deia. Azkeneko hilabeetan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hainbat eraso egin dituzte lelo hori aipatuz.
Bonba abisua jaso dutenean, berrehun bat lagun zeuden Miarritzeko hotel hartan. Poliziak eraikina arakatu du deia jaso ondotik, baina ez du jendea kanpora atera.
Deitzaileak Bokaleko etxeen aurka tiro egin dutela ere jakinarazi du, Poliziak dioenez. Honek ingurua behatu ondoren, tiroen aztarnarik ez duela ikusi esan du.