Politika

Bono hautatu dute Espainiako Kongresuko Mahaiko presidente, bigarren bozketan

170 boto jaso ditu PSOEko hautagaiak, aurreneko bozketan baino bi gehiago.

2008ko apirilaren 1a
14:23
Entzun
Jose Bono PSOEko kidea da gaurtik Espainiako Kongresuko Mahaiko presidente. Ez du, baina, lehen bozketan lortu izendapena, bozkatuena izan arren ez duelako gehiengo osorik erdietsi. Bigarren bozketan nahikoa zuen gehiengo sinplea, eta berak jaso ditu boto gehien: 170. Ana Pastor PPkoak, 152.

Lehen bozketan 168 boto bildu ditu Bonok (PSOEk 169 diputatu ditu), eta gehiengoa osoa izatetik zortzi botora gelditu da. EAJk idazkaritza bat izango du Kongresuko Mahaian, atzo PSOErekin erdietsitako akordioaren arabera, baina gaur, behintzat, ez du Bonoren alde egin, bozketa sekretupekoa izan den arren. CiUk ere ez du Bonoren alde egin -CiUk ere postu bat izango du Mahaian-.

Ana Pastor PPko hautagaiak 152 boto izan ditu lehen bozketan ere (PPk 154 diputatu ditu). 28 diputatuk txuriz bozkatu dute eta eta boto bat baliogabea izan da.

Ondoren egin dute bigarren bozketa, eta 170 boto bildu ditu Bonok. Pastorrek 152, eta 26 boto txuri eta bi baliogabe izan dira. Presidente izendatu dute PSOEko kide hura, beraz. Frankismoaz geroztik lehen aldia izan da Espainiako Mahaiko presidentea ez dutena aurreneko bozketan aukeratu.

PSOE, PP, EAJ eta CiUz gain, ERC, CC, BNG, IU, ICV, Nafarroa Bai eta UPyD alderdi edo koalizioak daude Kongresuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.