Koronabirusa

Bonuak sortuko dituzte Iruñean, saltoki txikiak sustatzeko

Iruñeko udal talde guztiak ados jarri dira, udalaren eskumen diren zerbitzuetan «murrizketarik egon ez dadin». Hala aurreratu du gaur EH Bilduk.

Joxe Abaurrea eta Joseba Asiron, gaurko agerraldian, distantzia gordez eta maskarekin. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko maiatzaren 22a
14:16
Entzun

Konfinamendua leuntzeko prozesuak aurrera egin ahala, berreraikuntza soziala eta ekonomikoa helburu dute erakunde desberdinek, tartean Iruñeko Udalak. EH Bilduko Joseba Asironek eta Joxe Abaurreak aurreratu dute ados jarri direla talde guztiak euren eskumeneko murrizketarik egon ez dadin. Ezaguna denez, Navarra Sumak gutxiengoan gobernatzen du udalean, baina oraingoan oposizioko hiru taldeek zein eskuineko koalizioak bat egin dute.

Oraingoz, aurreakordio bat da, eta zehaztu egin behar da haren edukia. Asironek arduraz jokatzera dei egin du «aurrekaririk gabeko krisi batean aurrean». Haren iritziz, «berreraikuntza sozial bat bultzatu behar da inor atzean gera ez dadin» eta «erreminta eraginkor bat ahalbidetu behar da kapital publikoa enplegua eta tokiko ekonomia sustatzera bideratu dadin».

Iraganean EH Bildurekin marra gorriak ezarri nahi izan direla gogoan, Asironek uste du bazterketak alboratu behar direla. «Gizarteak ez luke bestela ulertuko». Asironek esan du oraindik ez dela akordioa osorik gauzatu udal gobernuek ez baitu azaldu nondik kenduko dituen diru sailak plana finantzatu ahal izateko. Halaber, Asironek salatu du Enrique Maiak aurreko egunetan berraktibatzeko neurrien berri eman duela, «alde bakarreko erabakian», baina ondoren akordio bat lortu izan dutela.

Adostutako neurriek sei puntu nagusi dituzte. Lehenik, udal gobernuak aurretik jasotako 1,8 milioi euroko aurrekontuari beste 200.000 euro gehituko zaizkio gizarte zerbitzuak sendotu eta langileak kontratatzeko.

Bigarrenik, saltoki txikietan kontsumorako bonuak banatuko dira, eta udalak 700.000 eta 1,1 milioi euro artean banatuko ditu, saltoki txikietako erosketen zati bat finantzatuz. Dirua nola banatuko den, berriz, oraindik zehazteko dago, horretarako sektorearekin hitz egin behar baita. Tokiko ekonomian lauzpabost milioiko palanka eragin dezakeela uste dute. «Itxaropenerako eta babeserako ukitu bat da garai hain zailak bizi izaten ari diren saltoki txikientzat», nabarmendu du Joxe Abaurreak. Hirugarrenik, bonuen sistema horretan, 150.000 kultur arlorako izango dira.

Laugarrenik, mugikortasunerako 500.000 euroko diru sailari eutsiko zaio, eta, inbertsio iraunkorren funtsaren bidez handitu egin daiteke. Diru hori non inbertitu erabakitzeko orduan, mugikortasun batzordeak aurretik zehaztutako proiektuak lehenetsiko dira. Bosgarrenik, udal langileen artean telelana bultzatzeko neurriak hartuko dira.

Azkenik, etxebizitzaren arloan, partzelen salmenta bidez, 1,6 milioi biltzea espero da; ondoren, diru hori babes erregimeneko alokairu egitasmoa bultzatzeko erabiliko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.