Borde eta Subijana espetxera itzularazi ditu Auzitegi Nazionalak, hirugarren gradua kenduta

Fiskaltzak gradu progresioaren aurkako helegitea aurkeztu zuen atzo, hirugarrenez, eta espetxera bueltatu behar izan dute bi presoek. Sarek euskal presoen aurkako «mendeku politika» salatu du.

SARE
Joseba Azkarraga eta Nahikari Iturbe Sare Herritarreko eledunak eta Joseba Borderen sendia, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko martxoaren 28a
13:15
Entzun

Joseba Borde eta Juan Karlos Subijana Basauriko espetxera (Bizkaia) itzuli ziren bart gauean. Joan den martxoaren 21ean Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman zien bi euskal presoei, baina erabaki horren aurka helegitea aurkeztu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, eta kartzelara itzuli dira, Espetxe Zaintzako Epaitegiak errekurtsoa ebatzi arte. Hirugarren aldia da, fiskalaren helegiteak tarteko, Borderi eta Subijanari gradu erregresioa aplikatzen dietela.

Fiskaltzak helegitea jarri orduko eten zieten progresioa behin-behinean bi presoei, Espainiako Auzitegi Gorenaren 2022ko doktrina dela medio. Ordura arte, hirugarren gradua ematen zieten presoak espetxetik ateratzen ziren auzitegiak ebatzi arte. Egun, baina, helegitea aurkeztea nahikoa da gradu aldaketa behin-behinean eteteko.

Sare Herritarrak presazko agerraldia egin du gaur erabakiaren berri emateko. Ezinegona agertu du Borderen eta Subijanaren eskubideak urratu direlako. «Zer logika dauka preso horien bilakaera ondoen ezagutzen duten espetxeetako profesionalen aurka eta 400 kilometrora daudenek helegiteak aurkezteak?», galdetu dute Nahikari Iturbe eta Joseba Azkarraga eledunek. Borderen hainbat senide ondoan zituztela eman dute prentsaurrekoa, Gasteizen.

Bordek 65 urte dauzka, eta gaixotasun larriak dituzten presoen artean dago. Hogei urte baino gehiago daramatza kartzelan, eta zigorraren hiru laurdenak 2019an bete zituen. Erantzukizun zibila ordaintzen ari da 2021az geroztik, espetxeak berak programatutako hogei bat irteera eta bederatzi baimen arrunt baino gehiago izan ditu, eta egindako kaltea aitortu eta bide baketsu, politiko eta demokratikoen alde egin du.

Subijanak 59 urte ditu, eta 23 urte daramatza preso. 2021eko otsailean Euskal Herriratu zuten, Mansillatik (370 kilometrora). Egindako kaltea aitortu eta normaltasunez parte hartu izan du espetxeko jardueran. Subijana larriki gaixo dago: biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa du, eta horrek guztiz baldintzatzen dio bizi itxaropena eta kalitatea, espetxeko eta Basurtuko ospitaleetako txostenek diotenez.

Justizia, «arma politikoa»

Fiskaltzaren jarrera txarretsi du Sarek, aldiro muzin egiten diolako presoek eragindako kaltea aitortzeari. «Harentzat ez du ezertarako balio orain hamahiru urte baino gehiago ETAk bere jarduerari amaiera emateko erabakia hartu izanak», erantsi du. Justizia «eskuin muturreko arma politiko juridikoa» bilakatu dela salatu du plataformak, eta kezka eta haserrea adierazi ditu euskal presoei eragotzi egiten zaielako legedi arrunta aplikatzea. «Ahalegin guztiak egiten dituzte espetxe politika arrunta ezartzea eragozteko eta preso horiei etxerako bidea oztopatzeko».

Borderena eta Subijanarena ez dira azken hilabeteetan izandako gradu erregresio bakarrak. Sareren datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak onartutako hirugarren graduen %60ri helegitea jarri die fiskaltzak, eta askok itzuli behar izan dute espetxera bigarren graduan.

«Ahalegin guztiak egiten dituzte espetxe politika arrunta ezartzea eragozteko eta preso horiei etxerako bidea oztopatzeko».

JOSEBA AZKARRAGASare Herritarra

Azkarragak eta Iturbek azaldu dute lege arruntak ez duela esaten presoek azken egunera arte espetxe barruan bete behar dutenik zigorra, eta beste modu batzuk aplika dakizkiekeela zigorra espetxetik kanpo betetzeko: hirugarren gradua, baldintzapeko askatasuna... Hargatik, «mendeku politika» amaitzeko eta legearen interpretazioan, subjektibotasunaren, diskrezionalitatearen eta arbitrariotasunaren bidea baztertzeko eskatu dute.

Horrez gain, Jaurlaritza premiatu dute presoen eskubideen defentsan aurrerapausoak ematen jarrai dezan, eta espetxeetako batzordeei eskatu diete bere irizpide profesionalak aplikatzen jarrai dezatela, «fiskaltzaren eta espetxe zaintzako epailearen jarreren aurrean».

Halaber, Auzitegi Nazionalak baldintzapeko askatasunak edo erdi askatasunak «blokeatzen» dizkien presoei berriro gradu progresiorako bide ematea eskatu du Sarek, «espetxe ibilbidean aurrera egin dezaten»; «dagokien eskubidea da».

Presoen gradu erregresioen aurka mobilizatzen jarraituko du plataformak: «Haiek konfrontazioaren aldeko apustua egin dute; guk elkarbizitza, konponbidea eta espetxe politika normalizatua ezartzea defendatzen jarraituko dugu beti».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.