Borja Senperrek jakinarazi du minbizia duela

Tumore bat atzeman diote ohiko azterketa mediko batean, eta PPko bozeramaileak esan du hastapeneko fasean dagoela.

Borja Senper, artxiboko argazki batean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Borja Senper, artxiboko argazki batean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
xabier martin
2025eko uztailaren 14a
13:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Borja Senperrek (Irun, Gipuzkoa, 1976) minbizia duela jakinarazi du gaur. PPko diputatua da Senper Espainiako Kongresuan, eta tumore bat atzeman diote ohiko azterketa mediko batean: hastapeneko fasean dago, Senperrek berak zehaztu duenez. «Aspaldian kontatu nahi nuen, baina kosta egiten da. Mingarria da, baina esan didate sendatzeko arrazoizko bide bat badagoela, eta nire asmoa da ahalik eta lasterren osatzea».

Senperrek adierazi du aurrerantzean gutxiagotan azalduko dela prentsaren aurrera, osatzeko prozesua gogorra izango delako. «Nire itxura fisikoa aldatu egingo da», esan du. «Nahiago nuen nik azaldu hau guztia, beste batzuek egin ordez, okerrago».

Senperrek 49 urte ditu. Zuzenbide ikasketak egindakoa da EHUn. 1995ean Irungo PPko zinegotzi gisa aritu zen, eta hedabide askotan argitaratu zen ETA haren aurkako atentatua egiten saiatu zela. PPko eledun izan zen Eusko Legebiltzarrean 2009tik 2020ra arte; 2003rako, eserlekua zuen Gasteizko ganberan, legebiltzarkide gisa.

2020an politika utzi zuen, eta agurreko agerraldian adierazi zuen etsigarria zitzaiola ikustea politikak zer norabide hartua zuen. Baina, duela bi urte, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiak bere eledun izateko deitu zion. PPren ildoa zentrora eramateko nahi zuen Senper, orduan adierazi zuenez.

Euskaraz Kongresuan

2023ko irailetik, Espainiako Kongresuan euskaraz aritzeko aukera dago, eta Senperrek oso argi utzi zuen PPk nola jokatuko zuen: «Espainiako Kongresuan ez dugu memeloarena egingo, ez horixe; ez dugu gauza arrarorik egingo». Hurrengo egunean, ordea, Kongresuan «hizkuntza koofizialak» erabiltzeko erreforma tramitatzea onartu zuten saioan, euskaraz ere aritu zen irundarra. Hitzez hitz, hau esan zuen: «Zorte handia dugu, hau da egia. Espainia hizkuntza komun bat partekatzen dugun komunitate politiko bat delako, nazio bat, gaztelania hain zuzen ere. Eta, era berean, beste ama hizkuntza batzuk bizirik mantentzen dituelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.