Baztango Talde Ekosoziala nazioarteko hainbat idazle gonbidatzen ari da eskualdean solasaldiak izateko; Xan Lopez (Vigo, Galizia, 1982) izan da lehen gonbidatua. El fin de la paciencia (Pazientziaren amaiera) entsegua publikatu berri du Anagrama argitaletxearekin, eta egungo krisi ekologikoari eta politikoari buruz hausnartu du, energia berriztagarriak hedatzeko beharrean jarrita fokua.
Krisi ekologikoa, krisi ekosoziala, krisi ekopolitikoa... Nola definituko zenuke egungo garaia?
Testuingurua zein den, termino bat ala bestea erabil daiteke. Ezker mugimenduetan krisi ekosoziala terminoa erabili ohi da gaia zehatzago lantzeko. Niri krisi ekopolitikoa erakargarriagoa egiten zait, iruditzen baitzait hobeto laburtzen duela egun bizi ditugun bi arazo nagusien intersekzioa; izan ere, krisi ekologikoak inpaktu handia du gizarte osoan, baina krisi politiko handi batean ere bagaude. Baina ez naiz dogmatikoegia terminoei dagokienez. Bi krisi horien elkargunea iruditzen zait garrantzitsuena; izan ere, uste dut konpontzen errazagoak izango liratekeela bakoitzari bere aldetik aurre egin ahalko bagenio.
Zer garrantzi ematen diozu energiaren aferari krisi ekologikoaren barnean?
Krisi klimatikoa krisi ekologikoaren parte handi bat da, eta bertan energiaren gaiak du zentralitatea, erregaien erabilera baita klima larrialdiaren arazo nagusia; beraz, ereduaren trantsizioa ezinbestekoa da, nire ustez. Beste arazo batzuk ere badaude, baina liburua oso motza da, eta ez naiz horretan sartu. Nire iritziz, klima larrialdia gainditzeko egiten ari diren urrats batzuk baliagarriak dira beste arazo batzuei ere aurre egiteko. Gainera, iruditzen zait badaudela aukerak arazo energetikoa konpontzeko. Jada ez dut ikusten arazo zientifiko edo teknologikorik, borondate politiko kontua da. Horregatik zentratzen naiz horretan, pragmatismoagatik.
Zer ekarri dute berriztagarriek arlo horretan?
Berriztagarrien teknologiak izugarrizko iraultza izan dira. Sobera frogatuta daude, nahiko errazak dira kopiatzen, praktikoki iturri amaiezinak dituzte, oso zailak dira monopolizatzen, eta ustiapen fasean ekoizpen kostua hutsala da. Baina beste afera bat da nola zabaltzen den, eta hori industria politikaren kontua da. Auzia politikoa da beraz, eta gaur egun Txina ari da sektorea bultzatzen. Beraz, ezberdindu egingo nituzke iraultza teknologikoa, gehienbat Mendebaldean egin zena, eta industria politikan izan duen iraultza, Txinan gertatzen ari dena.
«Ni ados nago, adibidez, ahal den heinean gutxiago erabili behar dugula auto pribatua, hori baita zuhurrena eta jasangarriena»
Uste duzu ondo ari direla hedatzen? Eskualde batzuetan gizartea haien kontra dago.
Arantzatsua da kontua. Abiadurari dagokionez, azkarrago zabaldu beharko lirateke, gizartea deskarbonizatzeko ditugun epeei dagokienez, behintzat. Baina egia da prozesu hau garai historiko zehatz batean gertatzen ari dela, garai neoliberalaren laugarren hamarkadan; beraz, enpresek eta energia oligopolioek pisu handia dute, eta herrialde askotan estatuak bigarren mailako rola du. Planifikazio gutxi dago, eta, horregatik, kasu batzuetan gaizki egiten da, azkarregi, herritarren iritzia kontuan hartu gabe, balio natural handiko lekuetan... Gauza horiek ez dute inolako justifikaziorik, eta prozesu parte hartzaileagoak izan beharko lirateke. Hala ere, uste dut askotan jendeak ez daukala arrazoi jakinik proiektu horien aurka egoteko.
Zergatik daude aurka, orduan?
Iruditzen zait batzuetan landa eremuak pairatzen duen diskriminazioa islatzeko agertzen dela jendea proiektu horien aurka. Baina, horrez gain, Europan ohituta gaude energia kanpotik ekartzera, eta orain, energia ekoizpena gure lurraldeetan berriro integratzen ari garen honetan, jendeari arrotza egiten zaio. Gatazka sortzen ari da, baina eztabaida behar dugu, aztertu behar dugu nola ekarri gurera berriro argindarraren ekoizpena, eta ez zuzenean baztertu.
Arazoaren interpretazio batzuek kapitalismoaren hazkundean jartzen dute fokua. Zer iruditzen zaizu ikuspuntu hori?
Aukera bat da erregai fosilak erretzea eskatzen duten prozesu batzuk alde batera uztea. Eta horrek prozesu industrialak, garraioa, berokuntza eta jakien ekoizpena barne hartzen ditu, besteak beste. Ni ados nago, adibidez, ahal den heinean gutxiago erabili behar dugula auto pribatua, hori baita zuhurrena eta jasangarriena. Beraz, gai jakin batzuetan, desazkundea bada politika zuhurrena. Baina beste afera batzuetan zailagoa ikusten dut; industrian, adibidez. Izan ere, traba politiko batekin egiten dugu topo, jendea konbentzitu behar baituzu hori egiteko. Uste dut desazkundea modu orokorrean ulertu beharrean adibide zehatzetara jo behar dugula: mugikortasun pribatua, elikadura... Borroka konkretuek gehiago konbentzitzen naute orokorrek baino.
«Ukrainan, adibidez, badaude berriztagarrien aldeko mugimenduak, zailagoa baita milaka haize errota suntsitzea zentral termiko bat suntsitzea baino»
Diozunez, trantsizio ekologikoan egiten ari diren urrats pozgarri batzuen motibazioa ez da ingurumenarekiko begirunea, baizik eta segurtasun nazionala. Zergatik?
Duela urte batzuk aldaketa batzuk egin ziren mobilizazio sozial progresisten eraginez, baina olatu hori agortzen ari da, eta orain, trantsizio energetikoaren atzean dagoen indarra pluralagoa da. Izan ere, trantsizio hori bultzatzen ari den jende askok interes ekonomikoak ditu; beste batzuek segurtasun eta subiranotasun energetikoagatik sustatzen dute trantsizioa, nazioartean izan diren aldaketek bultzatuta, batez ere. Hori dela eta, eztabaida eta proiektu batzuetan bidaide arraroak suertatzen dira: enpresa handietako buruak, militarrak... Ukrainan, adibidez, badaude berriztagarrien aldeko mugimenduak, zailagoa baita milaka haize errota suntsitzea zentral termiko bat suntsitzea baino.
Zertan eragiten dio nazionalismoaren eta ultraeskuinaren igoerak borroka klimatikoari?
Trantsizio prozesuak atzera botatzen ari dira leku batzuetan, eta, nire ustez, hori da arazo nagusia. Bestalde, berriztagarrien teknologietan Txinarekiko guztiz menpeko garenez, nazioarteko merkataritza sistema kolapsatzen bada, arazoak izan ditzakegu teknologia erosteko. Hala ere, paradoxikoa badirudi ere, neomerkantilismo horrek berriztagarriak hedatzera bultzatu ditzake gobernu batzuk, energia subiranotasuna lortzeko.