Borroka izan dadila «prekarioen arnasgune»

Klase sindikalismo feminista egitea zer den azaldu dute Ainhoa Etxaidek eta Anna Gabrielek: «Premia handiena duten langileengana eramatea borroka». Emakumeen interesak sindikatuen diskurtsora eramateko beharra nabarmendu dute mahai inguru batean.

Anna Gabriel, Ainhoa Etxaide eta Maddi Isasi, atzo, Bira Kulturgunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko apirilaren 17a
14:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Borroka sindikala «prekarioen bizi direnen eta prekarioen lan egiten dutenengana» eramatea da klase sindikalismo feminista egitea, hein handi batean emakumeak baitira prekarioen daudenak. Haien premiak entzun eta sindikatuaren erdigunera eramango dituen sindikalismo eredua da: «Geopolitikaz gizonek hitz egiten dute; egunerokoaz, aldiz, emakumeek. Emakumeei interesatzen zaien hori diskurtso ofizialera eraman behar dugu, emakumeen begietatik eta ahotsetatik. Ez dugu ahaztu behar hitzarmenak irekiak zeudenean sektore feminizatuenak izan zirela borrokalarienak». Horrela laburbildu zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusi ohiak bere tesia atzo arratsean Bilbon emaniko hitzaldian.

Etxaide (Hondarribia, Gipuzkoa, 1972) eta Anna Gabriel (Sallent de Llobregat, Katalunia, 1975) elkartu zituen LAB sindikatuak, bere Idazkaritza Feministaren 30. urteurrenaren harira antolaturiko mahai-inguru birako lehen hitzorduan. Gabriel Kataluniako Parlamentuko diputatu ohia da, eta Suitzako Unia sindikatuan ardura postuak izandakoa da. Klase sindikalismo feminista izan zuten hizpide, eta, besteak beste, haien arteko konplizitateari esker, mahai inguru mamitsu eta entretenigarria izan zen. Bira kultur gunea goraino bere zen.

Etxaide eta Gabriel
Bira kulturgunea bete egin zen mahai ingurua entzuteko. ARITZ LOIOLA / FOKU

Gabriel bere esperientziatik mintzatu zen, eta argi utzi zuen bere lehen mezua: «Sozialdemokrazia eta erreformismo gehiago bultzatzeak ez gaitu gerturatuko bizitza duinagoetara; hori argi gelditzen bada, pozik joango naiz». Nabarmendu zuen sindikalismo feministak erradikala izan behar duela, «hala diskurtsoan nola jardunean», eta, besteak beste, ezinbesteko bi baldintza bete behar dituela: batetik, «internazionalista» izan behar duela; eta, bestetik, ezin duela beste alde batera begiratu herrialde batzuekin duen harremanean, «lanpostuak galtzea eragin dezakeen arren».

«Ezin ditugu aginte kolektiboak defendatu eta gero ardura emozionalak norbanakoen gain utzi. Nork hartuko ditu ardurak horrelako baldintzetan? Emakumeok elkar zaindu behar dugu. Gizatiarra dena ezin zaigu arrotza izan»

ANNA GABRIEL Kataluniako militante independentista

Mintzakidearen tesiari heldu zion gero, eta sakondu egin zuen. «Sektore prekarizatuenak kontuan hartuko dituzten azpiegiturak behar ditugu, militatzeko astirik ere ez den sektore horiek». Halaber, gehitu zuen langile horiek ez direla epaitu behar: «Sindikatu batek, inbertsio bat egiten duenean, emaitza bat bilatzen du: ordezkari gehiago, militantzia... baina ezkerrak ez du pazientziarik. ‘Ez dute antolatu nahi’, ‘ez dute afiliatu nahi’, ‘ez dira sindikatzen’... halakoek ez dute laguntzen. Sindikalismo feministak koherentea izan behar du. Koherentziak zilegitasuna ematen digu».

Gatazka «azaleratzea»

Baina nola egin du hori LABek azken hiru hamarkadatan? Etxaidek bertatik bertara ezagutu zuen Idazkaritza Feministaren sorrera, eta ez zuen prozesua erromantizatu nahi izan. 1992ko LABen kongresu orokorrean erabaki zen hura sortzea, baina zuzendaritzak ez zuen garatu, eta sindikatuko emakumeak hasi ziren bultzatzen. Bide «zail eta polit» bezala deskribatu zuen, baina nabarmendu zuen «zailagoa» zela ezer ez egitea hainbeste «gizonkeriaren» artean: «Gakoa izan zen ulertzea bidea gatazkatsua izango zela, gatazkak duen garrantzia ulertuta. Gatazka egon, badago; emakumeek zera egin zuten: gatazka azaleratu politizatu, eta hari buruz hitz egin».

Idazkaritza sortu zeneko testuingurua ere hartu zuen gogoan: «Zenbatean izan zen emakumeen apustua eta zenbatean sindikatuarena?», galdetu zion bere buruari: «Sindikatua buru-belarri sartu zen ikusi zuenean emakumerik ez izatea kaltegarria zela. Ikusi zuenean hazkundearen gakoa emakumeak afiliatzea zela. Baina tira, hori erakunde guztiek egiten dute». Dena den, erantsi zuen LABek egin zuen prozesua ez litzatekeela posible erakunde guztietan, eta sindikatuak haren aldeko apustu politikoa egin zuela.

30. urteurreneko hitzaldi bira

LABek mahai-inguru bira bat antolatu du Idazkaritza Feministaren 30 urteko ibilbidea gogoratu eta ospatzeko. Bilbokoa aurrenekoa izan zen, eta beste hiru ditu agendan. Hurrengoa maiatzaren 7an izango da, Donostiako Kaxilda liburu dendan (18:30). Bertan, Pastora Filigrana abokatuak, Carol Clemente sexu langile eta LABeko afiliatuak eta Maider Evaristo Emagineko kideak Bazterretatik erdigunea disputatzera lelopean eztabaidatuko dute. Gasteizko hitzordua maiatzaren 14an izango da, LABen egoitzan, eta Iruñekoa maiatzaren 28an, Geltoki aretoan —Baionako hitzordua lantzen ari da oraindik—. Bietan galdera banari erantzun diote; Gasteizen, Nola egin sindikatu bat feminista? izango da gaia; Iruñean, aldiz Feminismoak (ere) sindikalismoa behar al du?, Sindikatuak, halaber, idazkaritzari buruzko erakusketa bat antolatu du, eta hitzaldi bakoitzean ikusgai egongo da.

Ondoren, etorkizunera begira ere jarri zen idazkari nagusi ohia, Maddi Isasi LABeko Idazkaritza Feministako kide eta mahai inguruko moderatzaileak hala eskatuta. Zintzo aitortu zuen egun bere «kezka» diren horiek «erronka» bilakatzea nahiko lukeela. Hiru aipatu zituen, eta aurrenekoan emakumeek erabakiguneetan duten presentziaz mintzatu zen. «Estatutu berriaz hitz egiten ari dira orain. Aurrekoa erabaki zenean, denak gizonak ziren; eta orain ere bai. Eusko Legebiltzarreko bozeramaile guztiak gizonak dira, alderdietako buruak ere bai, sindikatuetako idazkari nagusiak berdin, gurea izan zen ezik, baina bietako bat gizona da. Emakumeen presentzia handia da erakundeetan, baina erabakiguneetan? Zoru itsasgarrian dagoen emakume langileak ordezkatua ikusiko al du bere burua?».

Ardura postuen kudeaketa

Gabrielek ere aldarrikatu zuen ardura postuen kudeaketa ezberdin bat. «Ezin ditugu aginte kolektiboak defendatu eta gero ardura emozionalak norbanakoen gain utzi. Motxila astunak dira, eta batzuetan, pertsona hori erortzen denean, ez dago inor hura jasotzeko. Nork hartuko ditu ardurak horrelako baldintzetan?». Eta aholkua eman zuen: «Emakumeak ezin gara tiranoak izan gure artean. Gizatiarra dena ezin zaigu arrotza izan: elkar zaindu behar dugu».

«Idazkaritza feministaren sorrera gogorra eta polita izan zen. Gakoa izan zen ulertzea bidea gatazkatsua izango zela; emakumeek azaleratu eta politizatu egin zituzten gatazkak»

AINHOA ETXAIDE LABeko idazkari nagusi ohia

Kezka erronken zerrendarekin jarraituz, Etxaidek gaineratu zuen sektore feminizatuen indarra aldaketa politikorako lanabes bilakatu behar dela: «Lortu behar dugu emakume borrokalari horiek eragile politiko bihurtzea». Sindikalismoari oro har bidalitako mezua izan zen. Baina ez kanpora begirakoa bakarrik, baita LABen bertan ere, oraindik konkistatzeko eremu batzuk falta direla uste baitu.

Etxaidek azken aldarri bat gehitu zuen: «Borrokatzea zaila da, baina zailagoa da sistema hau borroka egin gabe jasatea». Borroka «zapalduta dauden emakumeen arnasgune» bilakatu behar dela esan zuen, prekarioen dauden emakumeek horrelakoak behar dituztelako: «Zerrendako hirugarren erronka borrokarekin ondo pasatzea da. Nahi dute borroka sakrifizioa izatea, txarra izatea... Bada, ez: borrokak ondo pasatzeko izan behar du, grebak antolatzea eta pintaketak egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA