Bortizkeria matxisten kontra, egituretatik

Euskal Herriko Bilgune Feministak indarkeria matxistei buruzko mintegia egin du Hernanin. Lasku, Samara Velte eta Pastora Filigrana elkartu dira eguneko lehenbiziko saioan.

Euskal Herriko Bilgune Feministak Hernanin antolatu duen mintegia, gaur. MAIALEN ANDRES / FOKU
Euskal Herriko Bilgune Feministak Hernanin antolatu duen mintegia, gaur. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
Hernani
2026ko martxoaren 14a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gizonek indarra eta boterea erabiltzea gorputz feminizatuei eta arrazializatuei mina eragiteko. Eta, modu horretan, gorputz horien gaineko kontrola bereganatzea». Horrela definitu du indarkeria matxista Lasku Donostiako asanblada transmarikabolloko kideak: «Kontrolerako mekanismo bat da, baina ez bakarra». Bortizkeria horrek gorputz guztiak zeharkatzen dituela esplikatu du, baina ez diela guztiei berdin eragiten: «Gizonak dira horren onurak jasotzen dituztenak, eta gorputz feminizatuak eta arrazializatuak horri aurre egin behar diotenak». 

Bilgune Feministak antolatuta, Indarkeria matxistak. Begiradak lerrokatzen mintegia egin dute Hernanin (Gipuzkoa). Egiturak gorputzetan. Hiru ahots erresistentziari saioan egon da Lasku, Samara Velte Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari eta irakaslearekin, eta Pastora Filigrana abokatu eta giza eskubideen aldeko militantearekin batera; Kattalin Artola Bilgune Feministako kidea izan dute gidari. 

«Gizonak dira indarkeria matxistaren onurak jasotzen dituztenak, eta gorputz feminizatuak eta arrazializatuak horri aurre egin behar diotenak»

LASKU Donostiako asanblada transmarikabolloko kidea

Erasotzaileen eta erasoak sufritzen dituztenen prototipoez mintzatu da Lasku, eta gogor kritikatu du ikuspegi «erreakzionarioek» horien eraketan izan duten eragina. Erasotzaileen iruditeriaren inguruan bi ideia zabalduta daudela iritzi dio: batetik, ezezagunak direla, «kanpotarrak eta beldurgarriak», eta, bertzetik, erasoak «pultsio sexual» baten ondorioz egiten dituztela. «Horiek arrazakeria sostengatzeko mekanismoak dira». Zertaz? Errealitateak erakutsi duelako erasotzaileak, gehien-gehienetan, gertukoak edo autoritateak direla —poliziak, erraterako—, eta, gainera, indarkeria «modu intentzionalean» eragiten dutela. 

Horrekin lotuta, «transbaztertzaileek» pertsona transez solastatzeko darabilten hizkera ere gaitzetsi du, eta nabarmendu «erabat deshumanizatzailea» dela. 

Erasoa pairatzen duena, kontrara, «babesgabe, ahul, koitadu edo femenino» gisa irudikatzen dela adierazi du: «Beti biktimismotik, eta inoiz ez erresistentziatik». 

Samara Velte eta Lasku gaur, Hernanin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Samara Velte eta Lasku gaur, Hernanin. MAIALEN ANDRES / FOKU

Batzuek eragin eta bertzeek jasaten duten indarkeria egiturazkoa dela nabarmendu du Filigranak, pantailaren bertze aldetik, eta gogoratu egungo sistemak zutik iraun dezan «beharrezkoa» dela herritarren parte handi bat deshumanizatzea. «Gorputz batzuei balioa kendu behar diete, jendea egoera oso zaurgarrietan jarri behar dute. Horregatik, ezinezkoa da feminista izatea antikapitalista edo antirrazista izan gabe».

Bortizkeria egiturazkoa den heinean, horri aurre egiteko proposamenek ere ertz eta gorputz guztiak kontuan izan behar dituzte; ikuspegi intersekzionala beharrezkoa da, Filigranak adierazi duenez. Bada, politika feministek gabezia batzuk dituztela ohartarazi du, eta adibide bat jarri: indarkeria matxista jasaten duten emazteki ijitoen errealitatea ez da kontuan izaten. Zertaz? Horiek babesteko neurrien artean sartzen delako, bertzeak bertze, beren komunitatetik ateratzeko gomendioa, eta ez dutelako kontuan hartzen komunitateak zer garrantzi duen pertsona horiendako. 

Indarkeria kulturala

Laskuk eta Filigranak aipatutako bortizkeria matxisten definizioan, sistemak berak badu eraginik erasotzaileen eta erasoa sufritzen dutenen iruditerian eta ikuspegi integralaren eraikuntzan; sistemak, eta egitura hori naturalizatzen —edo zalantzan jartzen— duen kontakizunen multzoak. Kontakizun hori baliabide kulturalek eratzen dutela adierazi du Veltek: filmek, publizitateak, testuliburuek, kazetaritzak eta sare sozialek. Eta baliabide horiek berek eratzen dute bortizkeria kulturala, Veltek erran duenez. 

Sortutako iruditeria zalantzan jartzeko «ahalegin aktibo bat» egin behar dela adierazi du, eta indarrean dagoen sistema ez naturalizatzera deitu. 

«Indarkeriak ez dira desagertzen zigor gehiago ezarriz. Kartzelak betikotu egiten du. Erasotzaileak ez dira birgizarteratuta irteten. Horrek ez du funtzionatzen»

PASTORA FILIGRANA Abokatua eta giza eskubideen aldeko militantea

Hain justu, ahalegin aktibo horretan bortizkeriei aurre egiteko tresnetako bat da justizia feministak sustatzen duen eredu antipunitibista. Filigrana: «Indarkeriak ez dira desagertzen zigor gehiago ezarriz. Kartzelak betikotu egiten du. Erasotzaileak ez dira birgizarteratuta irteten. Horrek ez du funtzionatzen». Bortizkeriak jasan dituztenek ere «benetako erreparazioak» behar dituztela adierazi du, eta gogoratu prozesu horietan ezinbertzekoa dela komunitatearen inplikazioa, eta horren alde egiten duela feminismo antipunitibistak.

Eztabaidak

Bortizkeria matxistaren definizio, ertz eta formak aztertuta, indarkeriari aurre egiteko heldu beharreko eztabaidak identifikatu dituzte hiru hizlariek, nork beretik. Beldurra aldez aldatzearen ideia ekarri du gogora Laskuk, eta erran hori ez dela izanen «mundua eraldatzeko tresna handiena», baina indarkeria prebenitzeko baliagarria izan daitekeela. 

Filigranak, berriz, ezinbertzekotzat jo du feminismoaren parte baten eta arrazakeria antolatuaren arteko aliantzak deseraikitzea. Horrez gain, hausnartzeko bidea ere ireki du: «Nola jarraitu dezakegu jasaten ditugun indarkeria matxistak seinalatzen, baina betiere bertze batzuek bortizkeria kontzeptua bereganatu gabe eta horren emaitza punitibismoa izan gabe?».

«Zenbat kostatzen zaigu [talde sozial marjinalekin] harremana sortzen denean gure motxila kulturaletatik ez epaitzea?»

SAMARA VELTE EHUko irakasle eta ikerlaria

Intersekzionalitatean jarri du arreta Veltek, eta erran feminismoan gai horri buruz mintzatzen bada ere apenas dagoela harremanik talde sozial marjinalekin. «Are gehiago, zenbat kostatzen zaigu harreman hori sortzen denean gure motxila kulturaletatik ez epaitzea?», galdetu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA