Iragan asteazkenaz geroztik Lodosan falta zen gaztea indarkeria zantzuekin hilda aurkitu zuten atzo. Lagun batekin arrantzara eta ehizara joana zen ustez Jose Jimenez. Ez zen etxera itzuli. Atzo Carcarko (Nafarroa) mahasti batean aurkitu zuten hilda, zaborra birziklatzeko planta baten ondoan. Guardia Zibilak jakinarazi du indarkeria zantzuak dituela gorpuak. Desagertu zenean harekin zen laguna atxilotu egin dute. Sekretupean dago auzia.
Desagertzearen berri izan zutenetik, gaztearen bila aritu dira senideak, Polizia eta 200 boluntario. Lodosa inguruak arakatu dituzte batik bat, baina, azken egunetan, Logroñoraino (Errioxa, Espainia) joanak ziren, Jimenezek hanlagunak zituela eta. Gorpu aurkitu zuten gaztea atzo goizean, Lodosa ondoan, Carcar herrian. Mahasti batean zegoen hilotza, Montejurrako Mankomunitateko zaborra birziklatzeko plantaren ondoan. Guardia Zibilak ziurtatu du indarkeria zantzuak dituela gaztearen gorpuak, baina ez du datu gehiago eman, auzia sekretupean dagoela argudiatuta. Hainbat hedabidek jakinarazi dute bala arrastoak ageri dituela gorpuak. Poliziak ez du baieztatu.
Desagertu aurretik lagun batekin egon zen Jimenez gaztea, 26 urtekoa. Harekin joana zen arrantzara eta ehizara. Poliziaren aurrean deklaratu zuen lagunak Jimenez desagertu zenean, eta, Guardia Zibilaren arabera, bertsio kontraesankorrak eman zituen polizia etxean. Hori ikusita, preso hartu zuten gaztea, ustezko hilketarekin zerikusia duelakoan. Atxilotuta daukate oraindik ere. Hainbat hedabidek berri eman dute atzemandako gaztearen eta haren amaren etxeak miatu dituztela guardia zibilek.
Protesta herrian
Iragan asteazken gauean eman zuen abisua Jimenezen sendiak. Lagun batekin ehizara eta arrantzara joana zela eta arratsean ez zela etxera itzuli. Sakelako telefonoa eraman zuen, baina ez paperik eta dirurik. Horregatik, senideek ezinezkotzat jo zuten bere borondatez alde egin izana. Lodosa inguruko mendietan hasi zuten bilaketa, hara joatekoa zelako gaztea; emaitzarik ez, ordea, eta inguruetan ere bilatzen ari ziren azken egunetan. Azkenean, herritik hamar kilometrora, Lodosan, aurkitu dute haren gorpua.
Gaztea bortxaz hil dutelakoan, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Lodosa, herriko plazan. Hildakoaren senideak, lagunak eta dozenaka herritar batu ziren udaletxearen aurrean. Atxilotutako pertsona epailearen aurrera noiz eramango zain dago, Guardia Zibilarenean. Jimenezen laguna zela eta azkenekoz harekin egon zela baieztatu du Poliziak.
Bortxa zantzuekin hilda aurkitu dute Lodosan falta zen 26 urteko gaztea
Zerikusia duelakoan, Guardia Zibilak atxilotu egin du gaztearen lagun bat; Carcarren agertu da hilotza, mahasti batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu