Bortxaketa saiakera bat salatu du Oñatiko Bargastak talde feministak

Mondragon Unibertsitateak Oñatin duen campusean izan zen erasoa. Gertatutakoa gaitzetsi du erakundeak, eta biktimari babesa helarazi. Nafarroan, berriz, lau urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, ikasle bati ukituak egiteagatik.

Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Oñatin. BARGASTAK
Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Oñatin. BARGASTAK
Isabel Jaurena.
2026ko apirilaren 20a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bortxaketa saiakera bat izan zen ortzirale iluntzean Oñatin (Gipuzkoa), eta atzo egin zuten erasoa salatzeko elkarretaratzea, Bargastak talde feministak deituta. «Azkenaldian entzuten diren berriak askotarikoak badira ere, inguruan harrapatzeak izua eta asaldura besterik ez du sortzen; egonezina eta kezka izan ohi dira nabari», adierazi zuten.

Agerraldian salatu zuten horrelakoak ez direla kasu bakanak, Euskal Herriaren luze-zabalean izaten diren «biolentzia ugarien» erakusgarriak baizik. «Ulertu behar da indarkeria matxista ez dela kasualitatea, sistema zapaltzaile honen ezinbesteko tresna baizik», erran zuten. Are, gogoratu zuten bortizkeria horrek aurpegi anitz dituela, batzuk «erabat isilpekoak eta zeharkakoak», eta bertzeak, berriz, «intentsitate handia» dutenak. Horien guztien harira, ardura kolektiboa hartzera deitu zuten: «Autodefentsa feminista ez denez soilik norbera defendatzea, gure arteko aliantzak eraikiko ditugu, elkar zainduz eta biolentziari aurre egiteko gaitasun kolektibo eta politikoa garatuz. Gure bizitzak defendatzeko prest gaude, elkarrekin eta tinko».

Gaur, berriz, Mondragon Unibertsitateak gaitzetsi du erasoa, eta elkarretaratzeetara deitu dute campus guztietan: «Laguntzarako beharrezko baliabide guztiak biktimaren esku jartzen ditugu, une honetan behar duen arreta integrala izan dezan bermatzeko». Halaber, jakinarazi dute Ertzaintzan salaketa jarri dutela dagoeneko; izan ere, bortxaketa saiakera unibertsitate horrek Oñatin duen campusean gertatu zen. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, Juan Ignacio Perez Iglesiasek, erasoa gaitzetsi du, eta Oñatiko campusean egin duten kontzentrazioan parte hartu du. 

Lau urteko kartzela zigorra

Nafarroako Probintzia Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio 49 urteko irakasle bati, 10 urteko ikasle bati ukituak egiteagatik. Kartzela zigorra betetzeaz gain, sei urtez ezin izanen da adingabearekin mintzatu edo harengandik 300 metro baino gutxiagora egon. Gainera, zigorra bete eta gero bortz urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko du, eta 4.000 euro eman beharko dizkio adingabeari, kalte moralengatik. A

Are, hamar urtez ezin izanen da adingabeekin zerikusirik duen lanpostu edo jarduera batean egon.

Tuteran, berriz, 16 urteko mutil bat atxilotu du udaltzaingoak, adin bereko neska bati ukituak egitea egotzita. EFE albiste agentziak zabaldu duenez, sexu erasoa biek partekatzen duten etxebizitzan gertatu zen, asteburuan. Gertatutakoaren berri izatean, neskaren tutoreek salaketa bat jarriko zutela erran zuten, eta behin-behinean hotel batera eraman dute, Adingabeen Fiskaltzak mutilarekin zer eginen duen erabaki artean.

Mutila, berriz, Foruzaingoaren egoitzara eraman zuten, eta bertan egon zen fiskaltzaren esku utzi zuten arte. 

Horrez gain, bertze gizon bat atxilotu zuen udaltzaingoak, bikotekide ohiarekin zuen urruntze agindua urratzeagatik. 

Gasteizen ere bi gizon atxilotu dituzte asteburuan, biei beren bikotekideei eraso egin izana egotzi diete. Ortziralean 22:00 aldera atxilotu zuten lehenbizikoa: udaltzaingoak abisu bat jaso zuen erranez gizon batek emakume bati eraso egin ziola, Zaramaga auzoan. Gizona ihes egiten saiatu bazen ere, atxilotu zuten; emakumearen eta lekuko baten bertsioa entzun eta gero. Larunbat gauean atxilotu zuten bigarren gizona, Aranbizkarra auzoan: bikotekideari eraso egitea leporatzen diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA