Arabako Probintzia Auzitegiak bortz urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, Gasteizko fabrika abandonatu batean emakume bat bortxatzeagatik. 2020ko maiatzean egin zion eraso: gizonak aitortu zuen sexu harremanak izan zituztela, baina baimenduak izan zirela erran zuen; emakumeak hori ukatu zuen, eta sexu erasoak egin zizkiola erran. Auzitegiak arrazoia eman dio.
Emakumearen testigantzaz gain, eraso egin ziotela baieztatzen duten bertze hainbat elementu daude, auzitegiak erran duenez: erasoaren ondorio fisiko eta psikologikoak jasotzen dituen osasun txostena, emaztekiaren testigantza jaso zuten polizien deklarazioa, eta erasoa gertatu eta gero emakumea lagundu zuen gizarte langilearena.
Kartzela zigorra betetzeaz gain, gizonak 25.000 euro eman beharko dizkio emakumeari, zaintzapean aske egon beharko du, eta ezin izanen da emakumearekin mintzatu, ezta harengana hurbildu ere. Sententzia ez da irmoa, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea aurkez daiteke.