Bost eguneko greba abiatu dute EAEko eskola erlijiosoetan

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deitu dute lanuztera, lan hitzarmen berri baten alde.

Itunpeko ikastetxeetako greba
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deitutako manifestazioa gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko abenduaren 11
09:45
Entzun

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoek greba eginen dute datozen bost egunetan. Gaur abiatuko dute lanuztea, eta langile guztiak parte hartzera deitu dituzte, lan hitzarmen berriaren alde. Kristau Eskola eta IZEA patronalekin negoziazioa geldituta dagoenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin bildu ziren, baina bilkura horiek ere ez ziren emankorrak izan.

Hala, lanuztera deitzea erabaki zuten. Hiru egunetan manifestazioak eginen dituzte, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gaur, adibidez, goizean zehar piketeak eginen dituzte hiru hiriburuetan, eta 11:30ean mobilizazioak: Bilboko Eskolapioak ikastetxetik, Donostiako Aldapeta Maria eskolatik eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik. Horrez gain, etzi eta ostiralean Bilbon elkarretaratzeak eginen dituzte, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak grebaz hitz egin du Euskadi Irratian, eta lanuzteak ikasleengan izan dezakeen eraginean jarri du arreta. Beraiendako, ikaslea da «ardatza», eta hori erakutsi behar da. Horregatik, auzia konpontzeko «formula bakarra» dagoela adierazi du: elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa. «Patronalen eta itunpeko ikastetxeen arteko harremanak dira, eta gonbidatuko nituzke bi parteak adostasuna erdiestera».

Bildarratzek ez ezik, Kristau Eskolak ere hartu du hitza. Patronalak ohar bidez gaitzetsi duenez, sindikatuen aldetik ez dute elkarrizketarako jarrerarik sumatu. Aldiz, Kristau Eskolak nahi hori duela ziurtatu dute: «Kristau Eskolak hitzarmen mahaian esertzen jarraitzeko borondatea berresten jarraitzen du, akordio batera iritsi arte. Helburu horrekin, hainbat lan bilera egin ditu —azaroaren 27an azkena—, eta, hala, lanean eta elkarrekin negoziatzen jarraitzeko prest dago, behar beste aldiz». alabaina, nabarmendu du akordioetan aintzat hartu beharko dela jaiotze tasak matrikulazioan izango dituen ondorioak: «Kristau Eskola jada ari da lanean, bai lanpostuei eustea bai ikastetxeen iraunkortasuna bermatuko duten alternatibak eratzeko».

Lanuzteak 9.000 langileri eta 900 ikastetxe pribaturi eragiten die, baita 130.000 ikasle ingururi ere. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko sarearen zatirik handiena dago grebara deituta. Sindikatuen eskaera nagusien artean daude, bertzeak bertze, KPI kontsumoko prezioen indizea ziurtatuz soldatak igotzea, lanpostuak mantentzeko eta lan karga arintzeko neurriak hartzea, eta sektore feminizatu eta prekarizatuetan, nahiz Lanbide Heziketan hobekuntzak egitea.

Ibilbide luzea

Sindikatuak 2022ko maiatzean hasi ziren eskola erlijiosoetarako hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzen. Hura adosteko azken batzarra, baina, 2023ko otsailaren 2an egin zen. Horiek horrela, apirilean negoziazioa «blokeatu» zela salatzeko greba antolatu zuten sindikatuek.

Joan den urrian, erran zuten ez zutela jaso patronalen erantzunik, eta ez zegoela «greba egitea ez den beste erremediorik». Hala, hiru greba egun antolatu zituzten orduan, eta berretsi zuten ez zutela gatazka gehiago sakontzea nahi. Lehenbiziko egunean, urriaren 17an, 5.000 lagun inguru bildu ziren Bilboko manifestazioan. Dena den, aurreratu zuten patronalen erantzunik jaso ezean urtarrilean grebak «indartuko» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.