Bost lagun epaituko dituzte Iruñean, etxegabetze baten aurrean «elkartasuna adierazteagatik»

Iazko azaroan gertatu zen etxegabetzea. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du epaiketa «mendekua» dela.

Hainbat herritar Iruñeko Jarauta kalean, iazko azaroan, etxegabetzeko arriskuan ziren bizilagunei babesa adierazten. BERRIA
Hainbat herritar Iruñeko Jarauta kalean, iazko azaroan, etxegabetzeko arriskuan ziren bizilagunei babesa adierazten. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 16a
11:20
Entzun

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du bihar bost lagunen aurkako epaiketa egingo dutela, Iruñeko Jarauta kalean okupatutako eraikin bat Poliziak hustu zuenean etxegabetutakoei «elkartasuna adierazteagatik». Iazko azaroan gertatu zen etxegabetzea. Sindikatuak Jarauta kaleko eraikin bat okupatu zuen, eta egoera zaurgarrian diren hainbat pertsona sartu ziren hara bizitzera. Iruñeko Udalak aginduta, udaltzainek eta foruzainek eraikina hustu zuten, eta han bizi zirenak etxegabetu zituzten. «Etxebizitzak atontzeko auzolanera edota babesa adieraztera gerturatu ziren pertsonak epaituko dituzte, arbitrarioki hautatuak», salatu du sindikatuak, ohar baten bidez.

«Hainbat pertsona eta familia inpunitate osoz kale gorrian uztearekin nahikoa ez, eta elkartasuna ere kriminalizatzeko hautua egin du Iruñeko Udalak», gaitzetsi du etxebizitza sindikatuak. Biharko epaiketa «mendeku» moduan ulertzen dute: «Etxegabetzeen aurkako antolakuntza eta borroka zigortu nahi dira».

«Adingabeak dituzten familiak, aurretik etxegabetuak izan direnak, genero indarkeria sufritu duten emakumeak, emantzipatu ezinik dauden gazteak eta etxebizitza bat alokatzeko aukerarik ez dutenak». Horiek izan ziren Jarauta kaleko eraikinean bizitzen jarri zirenak, etxe sindikatuak orduan adierazi zuenez. «Bost eguneko setio egoera ezarri ondoren», eraikina hustu zuten. Iruñeko Udalak «behin-behineko etxebizitza alternatiba bat» eskaini zion han bizi zen familia bati, eta gainerako bizilagunei, berriz, «kautelazko etxegabetzea» aplikatu zieten, eta «kale gorrian» utzi, etxebizitza sindikatuak azaldu zuenez: «Agerian geratu da Iruñeko Udalaren inpunitatea etxegabetzeak legez kanpo egiteko orduan».

UPNren esku zegoen orduan Iruñeko Udala, eta udal gobernu horren erabaki politikoen ondorioak dira azaroko etxegabetzea eta bihar hastekoa den epaiketa, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren ustez. Hala ere, nabarmendu du oraingo udal gobernuak —EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak osatua, PSNren babesarekin— «karguak atzera botatzeko aukera» izan duela, eta ez dituela atzera bota. «Haien ekintzekin, UPNk martxan jarritako astakeria babesten dute», gaitzetsi du sindikatuak.

Elkarretaratzea

Iruñeko epaitegien aurrean elkarretaratze bat egingo dute bihar, 13:00etan, «kriminalizazio kanpaina hau salatzeko eta auzipetuei babesa adierazteko». Elkartasunaren kriminalizatzaileak jabetzaren defentsan lelopean egingo dute. «Instituzioek nahiago dute haien etxebizitzak urte luzez hutsik mantentzea, beharra duten pertsonek haiei erabilera zuzena ematea baino», nabarmendu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.