Bost mutil gazteren kontrako salaketa aurkeztu dute: bati Arrigorriagako (Bizkaia) futbol taldeko 14 urteko neska baten bideo sexual bat zabaltzea egotzi diote; gainerako laurei, berriz, neska horri jazartzea. Lau mutil gazte horiek Arrigorriagako Padura futbol taldeko kideak dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Ertzaintzak salaketak ikertu zituela, ikerketa bukatu zuela, eta kasua adingabeen fiskaltzaren esku utzi duela.
Ertzaintzan jarritako salaketaz harago, Bidaure eta Urruma taldeek salatu dute Padura futbol taldeak egoeraren berri zuela baina ez duela eman «espero zitekeen erantzunik». Bidaure elkarteak indarkeria matxistaren biktima diren haurrak babesten ditu; Urruma, berriz, Arrigorriagako talde feminista da. Futbol taldeari egotzi diote ez dela neskaren alde agertu eta hartu dituen neurriak ez direla nahikoa izan «jazarritako adingabearen ongizatea eta babesa bermatzeko».
Koherentzia eske
Klubak emakumeen futbola indartu du, indarkeria matxistaren kontrako protokolo bat lantzen ari da, eta esan du berdintasunaren aldeko apustua egiten ari dela. Bidaure eta Urruma taldeentzat, baina, hori guztia positiboa bada ere, ezinbestekoa da koherentziaz jokatzea, «erakundearen barruan gertatzen diren horrelako kasuei modu eredugarrian aurre eginez». Are gehiago aintzat hartuta futbol taldeko kide gehienak adingabeak direla.
Futbol taldeak kontrakoa egin duela uste dute, eta jokabide hori salatu dute: «Eskura dauden neurri guztiak ez aktibatzea eta biktimari bizkarra ematea onartezina eta umiliagarria da emakume guztiontzat eta gizartearentzat, oro har». Esan dute haurrak babestea eta indarkeria matxista desagerraraztea ezin direla «kanpaina» hutsa izan, eta «erantzukizun etikoa, soziala eta legezkoa» eskatu diote Padurari.
Lau eskaera
Ez hori bakarrik. Lau eskaera egin dizkiote: alde batetik, biktimari eta haren taldekideei barkamen «argia eta zuzena» ematea eta erreparazio neurriak hartzea; bestetik, erasotzaileei neurri diziplinarioak ezartzea; horrez gain, indarkeria matxistaren kontrako protokolo eraginkor bat ezartzea; eta, azkenik, halako kasuak prebenitzeko, atzemateko eta tratatzeko benetako tresnak bermatzea, «neska edo emakume batek berriz antzeko egoerarik bizi ez dezan».
Iazko irailean, Arrigorriagako mutil gazte batek neskaren bideo sexual bat zabaldu zuen, El Correo egunkariaren arabera. Bideoa zabaldu eta gero, futbol taldeko lau mutil neskari jazarri zitzaizkion entrenamenduetan, Bidaure eta Urruma taldeek zabaldu dutenez. «Horrek adingabeak jasaten duen egoera larriagotu baino ez du egin». Egoera konpontzeko zain egon eta gero, neskak futbol taldea utzi zuen, eta taldekide batek ere bai, hari elkartasuna erakusteko, egunkariak argitaratu duenez.
Kluba ez dator bat
Klubak esan du iazko azaroan jakin zuela mutil baten kontrako salaketa aurkeztu zutela, haien talde bateko neska baten bideoa zabaltzeagatik; familiak diskrezioa eskatu ziela; jazarpena ez zela gertatu klubaren kirol instalazioetan; eta mutilen eta nesken taldeak ez topo egiteko neurriak hartu zituela. Neskaren familiak, berriz, esan du klubak hasieratik izan zuela taldeko lau jokalariren jazarpenaren berri, eta hurrengo hilabeteetan jazarpenaren berri eman diola klubari.
Klubak ez zuen indarkeria matxistari aurre egiteko protokolorik. Otsailaren 23an hasi ziren lantzen, Arrigorriagako Udalak eskatuta. Udalak bitartekaritza lana egin du futbol taldearen eta familiaren artean, «gertaeraren berri izan zuen momentutik». Zenbait aldiz bildu da haiekin. Bilera horien helburua egoera gaitzestea, familiari babesa eskaintzea eta futbol taldeari zenbait neurri hartzeko eskatzea izan da.
Udalaren gaitzespena
Udalak gaitzetsi egin du neskaren bideoa zabaltzea eta hari jazartzea. Halako jokabideek pertsonen intimitatea, duintasuna eta eskubideak urratzen dituztela salatu du. Eta ondorio larriak izan ditzakeela biktimentzat, «batez ere adingabeak tartean daudenean».
Babesa eta elkartasuna adierazi dizkio biktimari eta haren familiari, eta ohartarazpen bat egin du: «Biktimaren errua edo erantzukizuna bilatzea indarkeria berriro errepikatzea dela». Horregatik, herritar guztiei eskatu die arduraz jokatzeko eta ez hauspotzeko zurrumurruak.
Arrigorriagako Udalak nabarmendu du ez duela onartzen indarkeria matxistarik, ez esparru publikoan, ez pribatuan, ezta ingurune digitalean edo kirol esparruan ere. Kirolari dagokionez, gaineratu du hainbat egitasmo bultzatzen ari dela beste eragile batzuekin elkarlanean: emakumeen kirolari benetako babesa eta ikusgaitasuna emateko ekintzak, aholkularitza juridiko zein teknikoa eta emakumeen taldeentzako autodefentsa feministako tailerrak, besteak beste.
Â