Bost pertsona atxilotu dituzte, Iruñean emakumeak sexualki esplotatzea egotzita

Atxilotuek atzerrian bizi ziren emakumeak engainatu eta prostituitzera derrigortzen zituzten. Lau delitu egotzi dizkiete, eta behin-behineko espetxealdia ezarri.

Iazko azaroko elkarretaratze feminista bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iazko azaroko elkarretaratze feminista bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko otsailaren 20a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumeak esplotatzea eta prostituitzea egotzitako antolakunde kriminal batean parte hartzea leporatuta, bost pertsona atxilotu ditu Nafarroako Poliziaren Buruzagitza Nagusiko Atzerritarren eta Mugen Brigada Probintzialak. Iruñeko hainbat pisutan prostituitzen zituzten emakumeak.

Atxilotutako bost pertsonei lau delitu egotzi dizkiete: gizakiak salerostea sexu esplotaziorako asmoarekin, prostituzioari buruzko delituak egitea, kapitalak zuritzea eta erakunde kriminaleko kide izatea.

Atxilotuetako bat da antolakundearen burua. Bi urteko ikerketa baten ostean, Poliziek burua atxilotu zuten, eta esplotatutako emakumeak askatu. Beste lau pertsonak erregistro batean atxilotu zituzten. Iruñeko 1. Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zituzten, eta behin-behineko espetxealdia ezarri die.

Ikerketaren arabera, atxilotuek «lan kontratu erakargarriekin» engainatzen zituzten atzerriko emakumeak Nafarroara joateko, haien baldintza zaurgarriak aprobetxatuta. Iritsitakoan, pasaportea kendu eta prostituitzera derrigortzen zituzten. Gainera, emakumeen senideei mehatxatu egiten zieten.

Ikerketaren lehen pausoa Iruñeko «prostituzio pisu» bat ikuskatzea izan zen, eta «emakumeak prostituitzera derrigortuta zeudela erakusten zuten zantzuak» aurkitu zituzten. Gero, poliziek biktima batzuk elkarrizketatu zituzten, eta biktimek zera kontatu zuten: atxilotuek «Iruñeko beste pisu batean eta Frantziako hainbat herritan» ere jarduten zutela.

Frantziako Poliziak ere parte hartu du kasuaren ikerketan. Sarearen buruak Frantzian zuen egoitza, eta, ikerketaren arabera, Nafarroara joateko arrazoi bakarra «negozioa kontrolatzea» zen. Gainera, ikertzaileek ondorioztatu dute antolakundearen buruak atzerriko kontuetara bidaltzen zuela esplotazioaren bidez lortutako dirua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.