Bost urteko espetxe zigorra ezarri diete bi gizoni, adingabe bat hiltzen saiatzeagatik. Bi erasotzaileek egindakoa aitortu dute gaur goizean Gipuzkoako probintzia auzitegian izandako auzi saioan, eta akordio bat lortu dute fiskaltzarekin. Berez, fiskaltzak hamabi urteko kartzela zigorra eskatzen zuen haientzat.
Donostian gertatu zen erasoa, iazko martxoan. Erasotzaileetako baten neska lagunaren ikaskidea zen biktima, eta, erasotzaileen arabera, neska lagunaren «atzetik» ibiltzen zen. Horren berri izan zuenean, neskaren mutil lagunak bi lagunekin hitz egin zuen —haietako bat ere adingabea zen—, eta erasoa prestatu zuten. Neska lagunaren eta haren ikaskidearen ikastetxera joan ziren eskolak amaitu ondoren, eta etxera bidean zihoala egin zioten eraso biktimari, labanaz.
Espetxe zigorra bete ez ezik, neskaren mutil lagunak 1.200 euroko ordaina eman beharko dio biktimari; eta, besteak, 600 eurokoa. Horrez gain, bi erasotzaileek debekatua dute biktimarekin hitz egitea edo haren inguruan egotea sei urtez.