Nafarroako Probintzia Auzitegiak bost urteko espetxealdia ezarri dio 53 urteko gizonezko bati, emazteari buruan kolpeak emateagatik eta ohiko tratu txarrak emateagatik. Noticias de Navarra egunkariak zabaldu du ebazpenaren inguruko informazioa. Azaldu duenez, iazko otsailaren 25ean gertatu zen erasoa, eta orduz geroztik behin-behinean kartzelan dago erasotzailea. Espetxe zigorraz gain, 56.000 euroko kalte ordaina ere eman beharko dio biktimari, sortutako lesioengatik eta sekuelengatik, baita kalte moralarengatik ere.
Epaia adostu dute erasotzailearen defentsak, fiskaltzak eta biktimaren akusazioak. 2024ko otsailaren 25ean, emakumea, kalean egon ostean, etxera itzuli zen. Gizonezkoa telebista ikusten ari zen, eta emazteak komentario bat egin zion telesailari buruz. Gizonezkoa altxatu eta erasotzen hasi zitzaion. Sukaldean babesa hartzen saiatu zen emakumea, baina, iletik tiraka, gizonak lurrera bota zuen, eta buruan kolpeak ematen hasi zitzaion. Emaztea lepotik hartu zuen, eta itotzen saiatu zen.
Bizilagunen laguntza
Emakumea laguntza eskatzen saiatu zen oihuka eta telefonoz, baina erasotzaileak modu bortitzean jotzen jarraitu zuen. Emakumeak lortu zuen etxeko lorategira ihes egitea, eta bizilagun bati laguntza eskatu zion. Bizilaguna eta biktimaren oihuak entzun zituzten beste bi emakume joan ziren etxeko atarira, eta sartzea lortu zuten.
Biktima oso larri aurkitu zuten, minez kexu eta burua odolez beteta. Buruari ezin eutsita zegoela eta, lepoko bat atondu zuten eskuoihal batekin. Larrialdi zerbitzuetara deitu zuten, eta ospitalera eraman zuten. Emakumeari galdetu ziotenean nahi ote zuen indarkeria matxistaren protokoloa abiatzea, ezetz esan zuen, senarraren beldur zelako. Erasotzailea ospitalera azaldu zenean, osasun langileei esan zien emaztea erori egin zela.
Biktima errehabilitazioan egon da 297 egunez, eta lesioen sekuelak ditu: eskuineko eskuan mina du oraindik ere, eta ezin du ez objekturik hartu, ez idatzi. Zerbikaletan jasandako kolpeen ondorioz, zefaleak eta lepoa luzatzeko ezintasuna ditu. Kalte psikologiko handiak ditu erasoengatik eta senarrak emandako tratu txarrengatik.