Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, bikotekide ohia bortxatzeagatik

Nafarroako Auzitegiak bertan behera utzi du zigorra behin-behinean, bost urterako. Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak zigorra hitzartu dute.

Nafarroako justizia jauregia, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako justizia jauregia, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
jakes goikoetxea
2026ko otsailaren 19a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Auzitegiko 2. atalak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio 34 urteko gizon bati, bikotekide ohia bortxatzeagatik. Zigorra hitzartu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak. Bi aringarri aplikatu dizkiote: alde batetik, buru nahasmendua zuela drogak hartzeagatik; bestetik, epaiketa hasi aurretik dirua ordaindu zuela eragindako kaltea konpontzeko.

Zigortuak ezingo du sei urtean emakumearekin harremanetan jarri, ezta harengandik hirurehun metro baino gutxiagora hurbildu ere. Espetxetik ateratakoan zaintzapean egongo da sei urtez. 27.000 euro ordaindu beharko dizkio bikotekide ohiari, eragindako kalte moralengatik. Iazko abenduaren 11n epaitu zuten, eta epaiketa egin aurretik ordaindu zituen 27.000 euroak. Baita mila euro gehiago ere, bikotekide ohia jasotzen ari den tratamendua ordaintzeko.

Hala ere, epaileak bertan behera utzi du zigorra behin-behinean, bost urterako, zenbait baldintza jarrita: zigortuak epe horretan deliturik ez egitea; droga mendekotasuna gainditzeko tratamendua jasotzen jarraitzea eta bost urtez bertan behera ez uztea, medikuak lehenago sendagiria eman ezean; berdintasunari, genero indarkeriari eta sexu heziketari buruzko programa batean parte hartzea; eta bikotekide ohiarengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekuak betetzea.

Gizona eta emakumea kafe bat hartzeko geratu ziren 2023ko iraileko egun batean. Gero gizonaren furgonetan sartu ziren, eta gizonak mendira eraman zuen, ibilgailua lokatzetan gidatzen erakutsiko ziola esanez. Furgoneta geratu zuen, emakumeari ukituak egin zizkion eta bortxatu egin zuen.

Emakumea tratamendu psikologikoa eta psikiatrikoa jasotzen ari da, bortxaketak eragindako trauma osteko estresa tratatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.