Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, emakume bat hiru aldiz bortxatzeagatik

Gizonak gela bat alokatu zion emakumeari, Iruñean. Nafarroako Probintzia Auzitegiak zigorra arindu dio, kaltea konpontzeagatik eta mozkorra egoteagatik.

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko azaroaren 14a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 2023ko azaroan emakume bat hiru aldiz bortxatzeagatik. Espetxetik ateratakoan, gizona zaintzapean egongo da bost urtean, eta hamar urtean ezingo da emakumearengandik 200 metro baino gutxiagora egon.

Berez, sexu eraso delituagatik, sei eta hamabi urte arteko kartzela zigorra jaso daiteke. Auzitegiak azaldu du, ordea, zigorra gradu bat apaldu diola, bi aringarri aplikatu dizkiolako: alde batetik, zigortua mozkortuta zegoela eta, bestetik, zigortuak kaltea konpondu duela. Epaileak, epaian, 20.000 euroko kalte ordaina ezarri dio. Zigortuak, epaiketa hasi aurretik, 15.000 euro gordailutu zituen auzitegian. Auzitegiak zehaztapen batzuk egin ditu aringarriei buruz. Mozkorra egotearenak «gutxigatik» gainditu zuen «onartu ahal izateko muga». Epaian dio «alkohol kontsumoaren eragin txikia» zuela. Kaltea konpontzeari dagokionez, zigortuak epaiketa hasi baino egun gutxi batzuk lehenago gordailutu zuen dirua, emakumea bortxatu eta ia bi urtera.

Zigorra gradu bat apalduta, sexu erasoagatik gutxienez hiru urteko kartzela zigorra jaso zezakeen, eta gehienez bost urte, hamaika hilabete eta 29 egunekoa. Bost urtekoa ezarri dio, «epaitutako ekintzen larritasunagatik» eta emakumea hiru aldiz bortxatzeagatik.

Gizonak bere etxeko logela bat alokatu zion emakumeari 2023an. Emakumeak irailetik abendura egoteko asmoa zuen. Azaroko gau batean, gizonak sexu harremanak izatea proposatu zion emakumeari; emakumeak ezetz erantzun zion. Gizonak, hala ere, bortxatu egin zuen, indarraz baliatuta.

Sinesgarritasuna

Auzitegiak nabarmendu du epaiketan frogatu dela gizonak emakumea bortxatu zuela, eta emakumeak eutsi egin diola gertatutakoaren kontakizunari: «Zaila da zehaztasun batzuk asmatuak izatea. Agerikoa da haren aitorpenaren sinesgarritasuna». 

Fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen; akusazio partikularrak, hamabikoa; eta defentsak, errugabetzekoa. 

Epaia ez da irmoa, helegitea aurkez baitezakete Nafarroako Auzitegi Nagusian. 

Atxilotu bat Gasteizen

Gasteizko udaltzainek 30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo gauean, bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita. 18:30ean deitu zuten Udaltzaingora, esanez gizon bat emakume bat jotzen ari zela alde zaharreko ezkaratz batean. Udaltzainak joan zirenean, emakumea alaba adingabearekin zegoen. Gizonak ihes egin zuen etxera, eta han atxilotu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.