Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, neska adingabe bat bortxatzeagatik

Iruñerriko herri batean egin zion erasoa. Fiskaltzak eta defentsak hitzartu dute espetxe zigorra betearazi beharrean Kolonbiara kanporatuko dutela eta hamar urtean ezingo dela itzuli.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, iaz, Zizur Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, iaz, Zizur Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko martxoaren 6a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Auzitegiko 1. atalak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 2023ko urtarrilean neska adingabe bat bortxatzeagatik Iruñerriko herri batean. Hala ere, ez da espetxera sartuko: zigortua sortzez kolonbiarra da, eta fiskaltzak eta defentsak hitzartu dute kartzelara sarrarazi beharrean kanporatu egingo dutela eta ezingo dela hamar urtean Hego Euskal Herrira edo Espainiara bueltatu. Zigortua neskaren lehengusua da.

Neskak bortxaketagatik salatu zuen. Espainiako Poliziak polizia etxera joateko hitzordua jarri zion gizonari, 2023ko martxoan. Gizona ez zen agertu. Hurrengo egunean ihes egin zuen, eta Kolonbiara itzuli zen. Epaile batek haren estradizioa eskatu zuen, eta Kolonbiak gizona entregatu zuen. Epaileak espetxean sartzeko agindu zuen. Kartzelan egon zen iazko irailaren 8ra arte.

Berez, fiskaltzak eta defentsak adostuta, bost urteko kartzela zigorra ezarri diote, eta espetxe zigorra betetakoan bost urtez zaintzapean egon beharra. Baita hamar urtean emakumearekin harremanetan jartzeko edo harengana hurbiltzeko debekua ere. 15.000 euro ordaindu beharko dizkio eragindako kalte moralagatik. Aringarri bat aplikatu diote: mozkorra zegoela. 

«Konortea galtzear»

Neskak 17 urte zituen. Lagun batekin atera zen kalera, 2023ko urtarrileko egun batean. Kalean lehengusuarekin topo egin zuten. Lehengusua asteburua pasatzen ari zen neskaren etxean. Etxera bueltatu zirenean, neskak eztabaida izan zuen amarekin. Bere gelara sartu zen, amari agur gutun bat idatzi zion, eta hainbat pilula hartu zituen. «Konortea galtzear geratu zen», zehaztu du epaiak. Gizona neskaren gelara joan zen, haren ohean sartu zen, ukituak egiten hasi zitzaion, eta gero bortxatu egin zuen.

Epaiak zehaztu du neskak antsietate eta depresio sintomak dituela, errudun sentitzen dela eta «etsipena» sentitzen duela. Horrek eragina du haren bizimoduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA