Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekide ohiaren alabari sexu eraso bat egiteagatik. Neskak 10 urte zituen orduan. Kartzelatik ateratakoan, gizonak zaintzapean egon beharko du bost urtez, eta hamar urtean ezingo da ez neskarekin harremanetan jarri, ez neskarengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu. 8.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio.
Iragan astean egin zuten epaiketa. Fiskaltzak hamasei urteko kartzela zigorra eskatu zuen gizonarentzat: 11 urtekoa 16 urtetik beherako bati sexu eraso bat egiteagatik sarketa eta guzti, eta bost urtekoa sexu eraso jarraituagatik —ukituengatik—. Akusazio partikularrak, berriz, hemezortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen guztira: hamabi urtekoa fiskaltzak zehaztutako lehen delituagatik, eta beste sei bigarrenagatik. Defentsak errugabetzeko eskatu zuen.
Nafarroako Auzitegiarentzat, epaiketan frogatuta geratu da gizonak sexu erasoa egin ziola neskari, baina sarketarik gabe. Gainera, absolbitu egin du sexu eraso jarraituaren delituaz.
Egiatasunari buruzko zalantzarik ez
Zigortuak eta neskaren amak bikote harremana izana zuten hiru urtez. 2023ko abuztuko egun batean, gizonak emakumearen etxean egin zuen lo. Bazkaldu eta gero, ohean etzan zen. 10 urteko neska ere ohean zegoen, jolasten. Neskak bizkarrean hazka egiteko eskatu zion, eta, epaiaren arabera, gizonak ukituak egin zizkion, musu eman, eta hatz batekin bagina ukitu.
Auzitegiarentzat epaiketan ez da frogatu gizonak hatza baginan sartu zionik, ezta zehaztu gabeko beste egun batzuetan, gela berean eta baldintza beretan, neskaren ama eta ahizpak bertan ez zeudenean, gizonak neskari bularrean ukituak egin zizkionik ere.
Hori bai, auzitegiak ez du zalantzarik neskaren deklarazioaren egiatasunari buruz. Epaiketan aurkeztutako frogetako bat zera da, neskaren bularretan gizonaren soslai genetikoa atzeman izana. Gainera, auzi medikuek, azterketa psikologikoak egin, eta ondorioztatu dute neskaren lekukotza «oso sinesgarria» dela.
Gizonaren jokabidea bera froga
Auzitegiak frogatzat hartu du gizonaren jokabidea ere: erasoa egin eta gero, «etxetik alde egin zuen, amarekin eta neskaren ahizpekin argitu gabe zer gertatu zen, eta ez zen bueltatu». Auzitegiaren iritziz, norbaiti etxean halako eraso larriak egitea leporatuko baliote baina hark ez balu ezer egin, ahaleginak egingo lituzke gauzak argitzeko: «Ez bakarrik bikote harremanari eusteko, baizik eta, bereziki, zurekin ia aita-alaben arteko harremana duten horiek ez izateko zuri buruzko irudi okerra eta nesken erasotzaile gisa ez hartzeko».