Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati sexu eraso bat egiteagatik

Beste gizon baten kontrako epaiketa hasi dute gaur, adingabe bat bortxatzea egotzita.

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Tolosan, aurten. GORKA RUBIO / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Tolosan, aurten. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko ekainaren 11
16:30
Entzun

Gipuzkoako Auzitegiko 3. Atalak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, Eibarko (Gipuzkoa) etxebizitza batean adingabe bati sexu eraso bat egiteagatik. Gizonak onartu du sexu erasoa. Kartzelatik ateratzean, zaintzapean egongo da sei urtez, eta ezingo da emakumearengana hurbildu hamabost urtez.

Duela hiru urte eta erdi gertatu zen erasoa, fiskaltzak azaldu duenez. Adingabea bizi zen etxean zegoen gizona; bertan bizi ziren biktima bera, ama eta neba. Gau batean, etxean zeudela, gizonak mezua bidali zion neskari, ea esna ote zegoen galdetzeko. Ez zuenez neskaren erantzunik jaso, haren logelan sartu zen, eta sexu erasoa egin zion. Biktimak neba esnatzea lortu zuen. Are, neskaren oihuek ama esnarazi zuten, eta hark bota zuen gizona logelatik.

Fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra zuen eskatua, baina gizonak onartu egin du sexu erasoa egin zuela, eta fiskaltzak bost urtera jaitsi du kartzela eskaera. Aringarri bat ere aplikatu dio: eragindako kaltea konpontzea.

Zazpi urteko zigor eskaera

Gipuzkoako Fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du gizon batentzat, ustez adingabe bat bortxatzeagatik. Gaur hasi dute epaiketa Gipuzkoako Auzitegiko 1. Atalean, eta bihar amaituko dute. Fiskaltzak akusatuari leporatu dio neska alkoholaren eta kalamuaren menpe egotea aprobetxatu izana, hura bortxatzeko. Neska Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean zegoen. Baimen batekin atera zen harrera zentrotik, eta ez zen bueltatu.

Epaiketan, gizonak onartu du gertatutakoa, baina adierazi du sexu harremanak baimenduak izan zirela eta «jarrera natural» batez gertatu zirela. Erasoa duela hiru urte gertatu zen, Tolosaldeko etxebizitza batean. Ordu hartan neskak 16 urte zituen, eta gizonak 20. Fiskaltzaren arabera, neska «guztiz zaurgarria» zen, eta «aurrekari psikiatrikoak» zituen. Uste du akusatua egoera horretaz eta neskaren adinaz baliatu zela erasoa egiteko. Nabarmendu du akusatuak bazekiela «gaitasunak mugatuta zituela».

Hori dela eta, zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du auzipetuarentzat. Bestalde, behin espetxetik aterata, zazpi urtez zaintzapean egon dadila eskatu du, eta ez dadila emakumearengana hurbildu zortzi urtez. 25.000 euroko kalte ordaina emateko ere eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.