Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote zazpi urteko neska bati sexualki eraso zion gizonari

2024ko urrian gertatutakoengatik epaitu zuten 21 urteko gizona: sexu ukituak egiteagatik zigortu du Baionako auzitegiak; neska gaztearen amari ere eraso zion.

Baionako auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko urriaren 28a
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fiskaltzak sei urte galdegin zituen, eta bost izanen dira azkenean: zazpi urteko neska bati eta haren amari sexu ukituak egiteagatik, kartzela zigorrera kondenatu dute 21 urteko gizon bat gaur, Baionako auzitegian; kargugabetzea galdegiten zuen hark.

2024ko urrian iragan ziren gertakariak, duela urte bat justu: lehenik amari egin zion eraso, «familiako kide batek alokatzen duen etxean», Ici Pays Basque irratiaren arabera; erasotzailea familia horren hurbilekoa omen zen, eta horregatik zegoen haien etxean, Bokalen (Lapurdi). Eraikinetik atera, eta alabari pasealdian joateko proposatu zion, «Guilhou oihanera buruz». Orduan gertatu ziren alabaren kontrako erasoak.

Auzitegi gelan, Ici Pays Basque irratiaren arabera betiere, gizonak argudiatu zuen pasealdiarena neskaren ideia izan zela, eta erasorik gertatu izana berak «asmatuko zuela, gurasoek bultzaturik». Alta, alabak auzian parte hartu zuen, eta bere lekukotasuna kontatu; abokatuak bere «bezero gaztearen kuraia» azpimarratu zuen.

Polizia aferan sartu zenerako, familiako aitak gizona jipoitu zuen, Guilhou oihanean berean, jakin ondotik zer gertatu zen bere emaztearekin eta alabarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.