«Botoi gorri bat» torturaren aurka

Indarkeria instituzionaleko kasuak erregistratu eta komunikatzeko nazioarteko sistema osatzen ari dira Katalunian, 'Sirecovi' izenekoa. NBEko torturaren aurkako kontalari bereziaren babesa dute.

Sirecovi sistema aurkezteko prestatutako bideoaren une bat; erakundeen arteko lotura egingo dute. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Tortura jendaurrean salatzeagatik «Guardia Zibila iraintzea» egotzi diete asteartean atxilotutako zortzi lagunei. Tortura salaketak modu eraginkorrean bideratzeko kezka ez da berria. Katalunian, esaterako, tresna berri bat sortzen ari dira: Sirecovi, indarkeria instituzionaleko kasuak erregistratu eta komunikatzeko nazioarteko sistema. OSPDH Bartzelonako Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Zigor Sistemaren Behatokia ari da, duela bi urte ingurutik, torturaren eta, oro har, indarkeria instituzionalaren aurka egiteko «botoi gorria» lantzen. Uztailerako edo irailerako jarri nahi dute martxan ofizialki.

OSPDHko zuzendari Iñaki Riverak BERRIAri azaldu dionez, ikerlariak ez ezik, Kataluniako eta nazioarteko eragile esanguratsuak daude proiektuaren atzean. Buruz buru aritu dira lanean, esaterako, Juan Mendez NBEko torturaren aurkako kontalari bereziarekin eta Mauro Palma CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko presidente ohiarekin. Kataluniako Abokatuen Elkargoarekin eta Espainiako Abokatutzarekin ere egin dituzte akordioak.

Zer egingo du Sirecovik zehazki? «Guk azken urteetan modu puntualagoan egin duguna, baina sistema estandarizatu batekin, benetako sistema batekin. Hau da, Behatokiak atxilotuta edo preso dagoen norbaiten salaketa jasotzen zuenean, protokolo bat geneukan, salaketa erakundeei bideratzeko. Orain, sistema informatiko baten bidez, aurrez idatzitako mezu elektronikoak berehala bidaliko zaizkie hogei bat erakunderi; bai instituzio publikoei, bai erakunde sozialei; bai Espainiako Estatukoei, bai Europako Kontseiluari, NBEko kontalari bereziari...». Hala, kasu jakin baten ardura duten erakundeei kontuak eskatuko dizkiete: zer gertatu den, pertsona hori inkomunikatuta dagoen ala ez, zein neurri hartu dituzten, biktima babesteko protokolorik abiarazi ote duten...

«Ez gara abokatu talde bat», ohartarazi du Riverak. Helburu nagusia ez da auzitegietako salaketak bideratzea. Xede nagusia «torturaren biktima babestea» da. Preso baten kasuan, esaterako, garrantzitsua izan daiteke eskubide urraketa bat salatu eta ahalik azkarren abokatuaren edo medikuaren bisita bat izatea, kartzelaz aldatzea... Rivera: «Eta espero dugu halako sistema bat martxan jartze hutsak izango duela halako atzerako eragin prebentibo bat».

«Erakundeei interpelazioa»

Hainbat abantaila nabarmendu ditu OSPDHko zuzendariak: azkartasuna, nazioarteko erakundeen eta biktimaren edo haren inguruaren arteko informazio truke etengabea... «Uste dugu botere publikoei interpelazio argi bat ere egiten diela, jakin dezaten haiek egiten dutenaren eta egiten ez dutenaren berri izango dutela nazioarteko erakundeek».

Sistema proban jarri eta denbora batez erabili ondoren, Kataluniatik harago zabaltzea aztertuko dute, eta beste proiektu batzuk egiteko asmoa ere badute; besteak beste, salaketa guztien informazio bildu, estatistikak egin, eta kasu guztiak geolokalizatzea, edonoren eskura jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.